Asteburuetan ez ditu Osakidetzak koronabirusaren herriz herriko datuak ematen, baina ohi bezala, gaur, astelehena, jakinarazi ditu asteburuan PCR probetan atzemandako kasu positiboak. Zumaian kasu positibo bat zenbatu du Osakidetzak ostiraletik igandera bitartean. Eskualdeko gainontzeko herrietan ere izan dira kasuak: Azpeitian atzeman dituzte positibo gehien: hemeretzi –horietatik lau ostiralean eta hamabost igandean–. Zarautzen, berriz, hiru positibo zenbatu dituzte, hirurak zapatuan. Aian eta Azkoitian, berriz, bi kasu zenbatu dituzte –ostiralean eta zapatuan bana, Aian eta igandean biak, Azkoitian–. Kasu bat atzeman dute, azkenik, Zestoan –igandean–. Bestalde, Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian, Errezilen eta Orion ez dute positiborik atzeman.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, 513 kasu positibo zenbatu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kasu horietatik gehienak beste behin Bizkaian atzeman dituzte, 299 guztira; 162 zenbatu dituzte Gipuzkoan, eta beste 35 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen kasuan, berriz, 17 izan dira PCR proban positibo eman dutenak.
Gorabeherak lurraldez lurralde
Azken egunetako datuekin alderatuta, COVID-19 gaitzaz kutsatutakoen kopuruak nabarmen egin du behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, ostiralean baino 422 kasu gutxiago zenbatu zituzten atzo, eta zapatuan baino 95 gutxiago. Atzo, guztira, 6.190 PCR proba egin zituen Osakidetzak, azken egunetan baino gutxiago.
31 lagun ospitaleratu zituzten atzo koronabirusaren eraginez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Datuak behera egin du zerbait; izan ere, azken egunetan 35 ospitaleratzeren langa gainditu da egunero. Gaur-gaurkoz, gaitzaren eraginez 280 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan, azken egunetan baino gehiago; horietatik 49, gainera, ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan daude ospitaleratuta.