RK Nexe izango da Bidasoaren aurkadia Europako Ligako bigarren fasean

Juan Luis Romatet 2020ko irailaren 8a

Argazkia: @edu_agreda

[EGUNERATUTA] Irungo Bidasoa taldea EHF European League txapelketako bigarren fasera pasa da, iragan igandean PAUC Handball talde frantziarrari 30-25 emaitzarekin irabazi ondoren. Kauldi Odriozola zumaiarra izan zen talde irundarraren goleatzaile nagusia, 8 golekin. RK Nexe talde kroaziarra izango da Bidasoaren aurkaria bigarren fasean.

Aurkari gogorra zuten irundarrek txapelketa honetako lehen faseko partidan: PAUC Handball talde frantziarra, hain zuze ere. Denboraldiko lehen partida ofiziala zuen Bidasoak, eta 600 lagun hurreratu ziren Artaleku kiroldegira partida jarraitzera. Hasi eta berehala aurretik jarri ziren etxekoak (3-0, 6-2). Talde frantziarra, ordea, ez zegoen partida erregalatzeko asmoekin, eta markagailuan hurreratu (7-6) ziren, eta baita berdindu ere (9-9). Lehen zatia Bidasoaren aldeko emaitzarekin bukatu zen (14-13).

Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi zen, eta aldea zabaldu zuen Bidasoak markagailuan (22-17), baina baita PAUCek berdindu ere (23-23). Hutsartea eskatu zuen Jacobo Cuetara irundarren entrenatzaileak, eta ongi etorri zitzaion bidatzen duen taldeari. Atseden horren ondoren, Kauldi Odriozolaren –zortzi gol sartu zituen, eta bera izan zen Bidasoaren goleatzaile nagusia– eta Rodrigo Salinasen (6 gol guztira) golei esker, garaipena eta bigarren faserako txartela lortu zuen Irungo taldeak.

Gaur egin dute bigarren faseko norgehiagokak erabakitzeko zozketa, Vienan (Austria). Bidasoari RK Nexe talde kroaziarra egokitu zaio. Joaneko partida Artalekun jokatuko da irailaren 22an, eta itzulerakoa Kroazian, astebete beranduago, irailaren 29an.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide