Traineru denboraldia azkenetan sartzen ari da. Denbora gutxi barru urteko zitarik garrantzitsuena jokatuko da Donostiako badian: Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia. Pandemia dela eta, irteera ordua ezohikoa da aurtengo edizioan: emakumezkoen lehen txandako traineruak 10:00etan aterako dira, eta gizonezkoenak, berriz, 11:00etan.
Aurreko igandean zazpigarren egin zuten zumaiarrek Kontxako Bandera eskuratzeko lehiako lehen jardunaldian. Oso denbora txukunarekin amaitu zuten, kontuan hartuta kaleen zozketan ez zutela zorte handirik izan (lehen kalea egokitu zitzaien). Gaur ere 10:00etan hasiko da Kontxako estropada, eta lehen txandan aterako dira lehiatzera Zumaiako arraunlariak. Hemen dago irakurgai iragan jardunaldiko kronika.
Kontxako lehen jardunaldiko sailkapena:
- Orio: 11:10,26
- Donostiarra: 11:12,48
- Donostia Arraun Lagunak: 11:23,86
- Tolosaldea: 11:27,80
- Hondarribia: 11:28,60
- Hibaika: 11:31,52
- Zumaia: 11:39,82
- San Juan: 11:51,14
Itxura guztien arabera Orioren eta Donostiarraren artean egongo da aurtengo bandera preziatua. Oriok bi segundoko abantaila duela egingo du gaur arraun, baina ez dago ezer erabakita.
Metro eta erdiko olatu garbia eta eguraldi ona
Windguru webguneak iragartzen duenari erreparatuta, arraunerako baldintza onak aurreikusten dira gaurko: metro eta erdi inguruko olatu garbiak eta eguraldi ona. Hondoko itsasoa izango da, bagak ikusiko dira, baina ez da itsas baldintza zailik izango.
Haizeari dagokionez, goizeko lehen orduan hegokoa izango da, eta 9:00etatik 11:00etara bitartean ipar-ekialdetik jotzera bira egingo du. Nolanahi ere, indar aldetik egonkor ibiliko da haizea, eta ez da ufada handiegirik aurreikusten.