Osasun Sailak gaur eman ditu jakitera herriz herrikako PCR proben emaitzak. Zumaian koronabirus kasu bat baieztatu ahal izan dute asteburuan. Eskualdeko gainontzeko herrietan, guztira, 34 kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak. Zarautzen detektatu ditu Osakidetzak kasu gehien; 13 guztira. Bederatzi zenbatu zituen ostiralean, hiru larunbatean eta bat igandean. Horiez gain, Azkoitia da Osasun Sailak kasu positibo gehien zenbatu dituen eskualdeko bigarren herrian. Han 11 lagunek eman dute positibo, bat ostiralean, zortzi larunbatean eta bi igandean. Gainerakoan, Orion bost kasu detektatu ditu Osakidetak –hiru ostiralean eta bana larunbatean eta igandean–, hiru Azpeitian –bi larunbatean eta bat igandean– eta bi Aian –ostiralean eta larunbatean bana–. Gainerako herrietan ez dute kasu positibo berririk zenbatu.
Atzo, igandea, guztira 5.990 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 290 laguni zenbatu zieten positiboa; hiru hurraldeetatik kanpo bizi diren zortzi lagunek ere positibo eman dute. Azpimarratzekoa da positibo kopuruen zenbatekoak behera egin duele, izan ere, ostiralean eta zapatuan 669 eta 514 lagunek eman zuten, hurrenez hurren. Egindako PCR kopuruak ere behera egin du azken egunetan. Ostiralean, 9.976 PCR egin zituen Osakidetzak, eta zapatuan, 7.626.
Ospitaleratzeei dagokionez, atzo 25 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurraldeetako ospitaleetan; azken egunetako zifrarik baxuena da hori. Gaur egun 269 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 63 daude egoerarik okerrenean ZIUn. R0 indizeak ere beheranzko joeran jarraitzen du; 0,90ean dago kokatuta gaur gaurkoz.