Osasun krisiak sei hilabete

Miriam Romatet: "Kultur sektoreak izugarrizko egurra jasan du"

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 19a, 11:00

Sei hilabete bete dira koronabirusaren izurriteak mundua kolpetik irauli zuenetik. BALEIKE elkarrizketa sorta bat ari da egiten, hainbat esparrutako herritarrek izandako bizipenak biltzeko. Miriam Romatet kultur teknikariak gogoratu du nola koronabirusak hankaz gora jarri zituen herrian antolatutako ekitaldi kultural guztiak.

Koronabirusaren krisialdiak nola eragin du zure egunerokoan?
Izugarri. Hasieran izoztuta gelditu ginen, ez genuen sinesten noraino helduko zen kontua, ezta benetakoa zen ere. Gogoan dut bromako kontu gisa hartu genuela. Ni konfinamendua baino egun batzuk lehenago Donostiako antzerki azokan nenbilen firin-faran… Eta gero, etxera! Gainera, nere bi alaba oso urrun zeuden eta ez nekien ezer haietaz, eta hirugarrena selektibitatearen itzalari begira zegoen… Tentsio handia bizi izan genuen. 

Eta Zumaiako kultur agendan?
Oraindik gehiago! Etxea itxita, jarduera guztiak eten ziren. San Telmo jaiak ia lotuta genituen, eta baita beste jarduera asko ere: den-dena atzera bota behar izan genuen. Ezjakintasuna genuen batik bat; noiz arte, zer egin? Eta gero, pixkanaka, eskaintza batzuk online egiten hasi ginen. Hainbeste jenderi eman behar dizkiogu egitasmo horretan parte hartzeagatik eskerrak... eragileak, ikastaroetako irakasleak, bideoak eta plataforma prestatu zutenak, eskaparate bat eman zigutenak… Nik uste lan polita egin genuela. Hala ere, horra itzuli behar bagenu, pausa gehiagorekin landu beharko genuke.

Zein zailtasunei egin behar izan diozu aurren?
Ekaineko  “normaltasun berrian”, eta guztiongatik, programazioa zuzenekoa izatera pasa ginen. Egunetik egunera dekretuz aldatzen zen egoera batera egokitzen: askotan arauak gure aukeretara moldatzen, beste batzuetan nola egin asmatzen...

Kale ekitaldietan antzokiak egin behar izan ditugu, itxita, hesituta, eta araudi baten arabera antolatuta. Hasieran batik bat, sanpedrotan, oso arraroa zen dena: rezintoan eseritakoak aurrez gonbidapena hartuta eta maskarak jantzita, eta bi metrotara jendea terrazetan lasai-lasai,..

Kultura gogor astindu du krisiak, baina ahalegin berezia egin duzue eskaintza zabala izan dadin?
Kultur sektoreak izugarrizko egurra jasan du. Sanpedrotako agendarekin hasi ginenean, aurrez Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin mintegietan ibili ginen, eta hasiera hartan ia herri gehienek zuzeneko ezer egingo ez zutela zioten. Guk kultur jarduerak antolatu ditugu, jaiak legez debekatuta daudelako, eta bestela ere segurtasun neurririk ezingo litzatekeelako bete.

Sanpedrotan hasi ginenean talde, aktore eta teknikariek  otsailetik lehen “boloa” zutela esaten ziguten. Saiatu gara eskaintza bat bermatzen, adin ezberdinei begira eta gure udako ohiko agendari jarraituz. Udaberrian atzeratutako emanaldiak ere udazkenean izango ditugu. Adi egon, udazkenean gauza politak izango baititugu.

Jendeak nola erantzun du?
Orokorreak herritarrek eskaintza eskertu dute, baina badira hainbat kritikatu gaituztenak ere.

Nolakoak izango dira datozen hilabeteak?
Udako programazioa, kalekoa, amaitu dugu. Orain bestelako erronkak ditugu: espazio itxietako edukierak, segurtasun neurriak... Ahal dela, inprobisaziorako tarteak saihestu nahi ditugu: adibidez, garai batean hitzaldi bat eskainiz gero, ateak zabaldu eta sartzen zen jendea sartzen zen. Behar izanez gero, beste aulki bat jartzen genuen, eta kito.

Orain, ahal dela, izen ematea, kopuruak konfirmatzea, gonbidapenak banatzea… izango dira lanetako batzuk. Ideia bat egiteko: Alondegiko Oxford aretoan, asko jota, 40 lagun sar ditzakegu.

Berriz ere egokitzen jarraitu beharko dugula uste dut: hau ez da bukatu, eta aldaketak edonoiz gerta daitezke. Guk esan dezakeguna da borondatea badugula, eta gure eragileei, herrikoei eta baita kultur mundua osatzen duten hainbeste diren horiei eskerrak eman nahi genizkieke: haien indarrik gabe akabo.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide