Zure urteko plangintzan nola eragin du koronabirusaren krisialdiak?
Etxetik ateratzen utzi zigutenean, lehiaketak egiteko esperantzak nituen. Nahiz eta batzuk bertan behera utzi, beste batzuk martxan jarraitzen zuten, esaterako, Europako Txapelketak. Etxean geuden bitartean, ergometroa etxera ekarri nuen eta beraz, prestaketa jarraitzeko aukera izan nuen. Beste modu batean bada ere, zerbait egiteko aukera izan nuen behintzat.
Behin uretan geudela, entrenamenduak aldatu egin ziren hasieran, martxa hartu bitartean, baina entrenamendu karga berdina egiten jarraitu nuen. Europako Txapelketa hori nuen buruan, izan ere, aurten nire azken urtea da 23 urtez azpikoen kategorian. Denborak aurrera egin ahala, Espainiako Federazioak adierazi zigun Espainiako selekzioak erabaki zuela ez egitea txapelketarik, beraz, bertan behera geratu zen maratoi modalitateko guztia. Hau horrela, entrenatzen jarraitu nuen hurrengo urtera begira, opor batzuk hartu ostean, orain berriro hasi naiz hurrengo urtera begira.
Txapelketak izan dituzu?
Ez, esan bazala, maratoi modalitateko guztia bertan behera geratu da. Esaten zuten porteoetan arrisku handia zegoela birusa kontagiatzeko eta beraz, federazioak erabakia hartu zuen.
Nola eragin du zugan fisikoki?
Fisikoki aldaketa ez da hain handia izan, izan ere, etxean geudela, ergometroan entrenatu nuen eta forma mantentzen saiatu nintzen. Ahal nuen guztia egin nuen, eta behin entrenamenduetan hasita, nahiko azkar hartu nuen martxa. Gainera, goi mailako kirolaria izanik, baimen bereziak izan genituen entrenamenduak egiteko, eta beraz, egunean ordu bat atera zitekeenean, guk baimena genuen entrenamendu osoa amaitzeko. Uraz gain gimnasioa edota korrika egiten nuen.
Eta psikologikoki?
Psikologikoki, aldiz, desberdina izan da. Etxean sartu ginen asteburuan Espainiako Txapelketa nuen: oso ondo prestatuta nengoen, ilusio osoz. Hasieran, tristura handia izan nuen, ilusio handia nuelako txapelketa horretan egindako lan guztiaren fruituak ikusteko. Baina egunak aurrera, egoera onartu nuen… Arazo larriagoak zeuden, eta beraz, onartu besterik ez nuen.
Nola egokitu zara egunerokora?
Egokitzapena eguneroko gauza bat izan da, etortzen dena onartu eta aurrera egiteko ahalegina egiten dut.
Nolakoak izango dira datozen hilabeteak?
Datozen hilabeteetan denboraldi berria prestatzen egongo naiz. Gogoz nago lehiatzeko. Hurrengo urtean zer gertatuko den ez dakigunez,entrenamenduetan ahal dudan guztia egingo dut; nire lehenengo senior urtean, ahalik eta sasoi onenean egoteko.