Euskaraldia 2020

Euskaraldian parte hartzeko hamaika arrazoi

Baleike 2020ko ira. 25a, 15:45

Zumaiako hainbat entitate, establezimendu eta enpresak egin du dagoeneko bat Euskaraldiarekin. Hona hemen horietako hiruk azaldu dituzten arrazoiak.

Aurtengo Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko da, eta iazkoarekin alderatuta, aurtengoak badu berrikuntza bat. Izan ere, aurten enpresek eta erakundeek ere hartuko dute parte, eta horretarako barne mailako ariguneak identifikatu eta saretu beharko dituzte. Asko dira jada izena eman dutenak, baina  epea zabalik dago oraindik animatu ez direnentzat. Igande honetan, irailak 27, amaituko da izena emateko aukera horientzat.

Zumaiako hainbat elkarte, entitate, establezimendu eta enpresak eman dute dagoeneko izena Euskaraldiaren bigarren edizioan. Hona hemen horietako hiruk eman dituzten arrazoiak: 

Gorka Zabaleta: "Gurekin eta gure bitartez egunero milaka herritar aritzen dira euskaraz"
Urolako Komunikazio Taldea

"Urola kosta eta erdiko hedabideok dozenaka urte daramatzagu euskara hauspotzen eta bere erabilera sustatzen. Karkara, Baleike, Uztarria, Maxixatzen, Hitza eta Erlo Telebistaren egitekoan kazetaritza eta euskara izan dira beti funtsezko ardatzak. Orain, Urolako Komunikazio Taldean bat eginik, are eta indar gehiagorekin eragin nahi dugu euskararen erabileran, eta Euskaraldia aukera paregabea da horretarako. Arigune handi bat gara, gurekin eta gure bitartez milaka herritar aritzen baitira egunero euskaraz; eta saregile ere bagara, euskaraz aritzen diren herritarrak, taldeak, elkarteak, enpresak edota erakundeak elkar lotuz sare zabal eta indartsua sortzen dugulako. Euskaraldian parte hartuko dugu denon ariguneekin sare sendoagoa lortzeko".

Ianire Flores Ansola: "Multinazionala izan arren, nahi dugu bermatu euskararen presentzia"
GKN (Zumaia)

Zumaiako GKN enpresak bat egin du Euskaraldiarekin, hainbat arigune sortuz, bai kanpo mailakoak, bai barne mailakoak. "Multinazionala izanda ere, euskararen presentzia bermatu nahi dugu gure lantokian. Horrelako ekimenek bultzadatxoa ematen diote lankide askori, eta emaitza politak ekartzen ditu. Lehen ere egindakoek– Elhuyarrekin nahiz Soziolinguistika Klusterrarekin, adibidez– sail batzuetan bilerak euskaraz egitea ere ekarri du emaitzatzat". Hala laburbildu du bigarren Euskaraldi honetan ere parte hartzearen arrazoia Ianire Flores GKNko ordezkariak.

"Horrez gain, etxean bezala sentitu nahi dugu, etxean baino ordu gehiago pasatzen ditugunez lantokian", azpimarratu du. Ariguneak identifikatzeko lanetan murgilduta dabiltza, baina batzuk argi dituzte jada: "Ziur gaude kanpo arigune bat harrera izango dela, eta barne ariguneei dagokienez, sei-zortzi zabaldu nahiko genituzke: erosketak, giza baliabideak, arlo finantzieroa, etab.". Gaur egun zazpi euskara ikasle dabiltza GKNn lanean, eta horien inguruan ere nahi dute sortu ariguneetako bat. Binakako ariguneak ere sortuko dituzte, produkzioan binaka aritzen direnez lanean.

Floresek kontatu du, gainera, enpresak errespetu handia erakusten duela euskararekiko, eta "bultzada handia" sentitu dutela haien partetik. "Guretzat sekulakoa izan zen enpresa hasi zenean komunikatu guztiak euskara hutsean bidaltzen guri".
 
Aitor Manterola: "Denon ardura da gure hizkuntza iraunaraztea"
Artadi elkartea
"Euskaraldia bezalako ekimenak egin beharrak esan nahi du euskarak hiztunak behar dituela oraindik ere. Badela hor gabezia edota utzikeria gizartearen zati baten partetik. Eta denona delako euskara, denon ardura delako gure hizkuntza iraunaraztea eta bizi mantentzea, bat egin dugu Artadi elkartetik".
 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide