Bi tona elikagai jaso dituzte asteburuan Moriako errefuxiatuentzat

Juan Luis Romatet

Moriako errefuxiatuen kanpalekuko (Lesbos uhartea, Grezia) errefuxiatuei laguntzeko janari bilketa egin dute azken asteotan Euskal Herri mailan, Zaporeak elkarteak deituta. Zumaian asteburu honetan egin dute bilketa, Errefuxiatuen Harrera Taldearen eta Darahli Elkartearen bitartez, eta izandako emaitzarekin gustura dira antolatzaileak. 

Larria da Moriako errefuxiatuen kanpalekuetan dauden pertsonen egoera. Haien bizi baldintzak nolabait lagundu nahian, janari bilketa jarri du abian Zaporeak elkarteak, herri bakoitzeko eragileen laguntzarekin. Ostiralean eta larunbatean egin dute bilketa Zumaian, Errefuxiatuen Harrera Taldeko eta Darahli Elkarteko kideen laguntzarekin. 

Zumaiako Herri Eskolako frontoian eta Ardantzabideko aterpean egin dute bilketa. Inguruko denda eta supermerkatuetan ere utz zitezkeen gaiak, eta erosketa orgen bidez eramaten zituzten aipatutako bi lekuetara.

Deialdiak erantzun "oso ona" izan duela azaldu dute antolatzaileek. Eguraldi txarrari aurre egin, eta herritarrek bikain erantzun dute beste behin ere. Guztira 2,4 tona inguru elikagai jaso dituzte bi egunetan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide