Haur eta nerabeen babes jardueraren inguruko prebentzio programa berria abiatu dute herriko hainbat eragilek eta Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak. Haur eta nerabeen garapenean arriskutsuak izan daitezkeen adierazleen aurrean nola jokatu landuko dute programa horretan.
Nerabeen eta haurren arteko tratu onak bultzatzea da egitasmoaren xedea. Haurren garapenean eragin ditzaketen egoera edota adierazle horiek identifikatu, ulertu eta zerbitzu edo profesional ezberdinen laguntzaz nola jokatu dezaketen landuko dute saioetan. Udalak "esperientzia pilotu" bezala jarri du abian egitasmo hau, eta balorazioa egin ondoren zehaztuko dute egitasmoaren bilakaera.
"Guztion ardura"
Haur eta nerabeen babesa guztien ardura dela ulertzen du Udalak, eta horregatik, egitasmoan parte hartzera gonbidatu dituzte zenbait eragile. Ondokoak dira parte hartuko dutenak: herriko ikastetxeak (Zumaiako Herri Eskola eta Institutua, Zumaiena ikastetxea, Oikiako Herri Eskola, Oinarrizko Lanbide hastapeneko soldadura Zentroa), haurreskolak, Zumaiako osasun zentroa, Ludoteka, Gaztelekua, Udaltzaingoa eta Gizarte Zerbitzuetako gizarte langile eta hezitzaileak.
Irailean hasi zituzten saioak, eta lau talde osatu dituzte. Guztira, 76 profesionalek hartu dute parte ordutik. Profesional horiek herriko hamar zerbitzu desberdinetakoak dira, diziplina anitzetakoak. Lehen saio horietan Zumaiako Herri Eskolak eta Zumaiako Institutuak, Zumaiena ikastetxeak, Haurreskolak, Gaztelekuak, Ludotekak eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariek hartu dute parte. Bigarren formazio saio bat osatu nahi dute, ordea, osasun zentroko, Oikiako Herri Eskolako, Soldadura Eskolako eta Udaltzaingoaren ordezkariekin.
Alde batetik, zerbitzu guztiei zuzendutako oinarrizko formazioa eskainiko dute; eta bestetik, aholkularitza saioak izango dira. Haur eta nerabeen beharretan jarriko dute arreta, honako galdera eta kasuetan arreta jarriz:
- Beharrak ez betetzeak zein ondorio dakartza?
- Nork du haur eta nerabeak babestearen ardura?
- Nola jakin dezaket haur batek babesa behar duen?
- Adierazleak eta kasu praktikoen azterketa
Ondoren, profesional batek emandako zuzeneko aholkularitza jasoko du zerbitzu edo eragile bakoitzak. Formazioarekin hasi den bideak jarraipen zuzena izango du, ikaspen horiek guztien onurak haur eta nerabeen eta horien familiek jaso ditzaten.