Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko presidente berria da Asier Hilario

Juan Luis Romatet 2020ko urriaren 8a

International Union of Geological Sciences (IUGS) erakundeak Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko presidente izendatu du Asier Hilario (Tolosa, 1977), Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa. 

Munduko 121 herrialdek osatzen dute elkarte zientifiko hau, milioi bat zientzialari-afiliatu baino gehiago ditu. Geoparkeak 10 urte betetzen dituen honetan, izendapen hau "nazioarteko komunitate zientifikoak bertan egindako lanaren aitortza” dela azpimarratu du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak eta Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak, Hilarioren lana goraipatuz: “Ondare geologikoaren kudeaketaren esparruan eta geoturismoan eredu gisa finkatzen du albiste honek Geoparkea mundu mailan”, gaineratu du.

Lau urtetarako hartu du Hilariok kargua. Haren esanetan, IUGSk “apustu sendoa” egin du batzorde berri hau sortuz “ondare geologikoaren arloan erreferente bilakatu dadin, jakin badakielako lan arlo honek gero eta jarraitzaile gehiago eta oihartzun zabalagoa duela. Nazioarteko lan talde zabala izango dut nire eskura erronka erakargarri eta garrantzitsu hau aurrera ateratzeko”. Dagoeneko hasia da plan estrategikoa garatzen, bi erronka nagusirekin: ondare geologikoa, geoturismoa eta geokontserbazioa mundu mailan bultzatu eta kudeatzeko nazioarteko adostasunak lortzea, batetik. Eta UNESCO Global Geoparks eta UNESCO World Heritage programekin, eta IUCN (International Union for Conservation of Nature) elkartearekin elkarlana bultzatzea, bestetik.

“Erronka pertsonal eta profesional itzela” dela adierazi, eta “Aldundiaren babesa” eskertu du Hilariok. “Ilusio handiz hartzen dut ardura berri hau. Izendapen hau azken 10 urteetan guztion artean egindako lanaren errekonozimendua da, eta zalantzarik gabe hurrengo urteetan Gipuzkoako altxor hau munduan erakusteko eta nazioarteko harremanak sendotzeko aukera aparta izango da ere. Izendapen honen bitartez gure flysch-a eta gure lanaren emaitzak mundu guztian ikusi ahal izango dira Geoparkea Europatik kanpo ere ezagutzera emateko.  Bilera zientifiko eta kongresuak antolatu ahal izango ditugu eta bisita esanguratsuak izango ditugu gurean. Gipuzkoar guztiona den proiektu honek sendotasuna, proiekzioa eta goi mailako berme zientifikoa irabazten ditu”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide