Kafe baten bueltan elkartu gara. Asteazkena da, eta lasaiago dago, Zumaiako 36. Musika Jaialdian egin behar zuen lana amaituta. Ostiralean, uztailaren 31n, San Pedro Abesbatzaren kontzertuan jo zuen; lau egun geroago, abuztuaren 3an, Garikoitz Mendizabalekin batera, organo eta txistu kontzertua eman zuen Parrokian, Donostiako Musika Hamabostaldiko organo zikloaren barruan. “Abesbatzak urtero ematen du kontzertua Zumaiako jaialdian; emanaldi finkoetako bat da. Bestea, ordea, ez zegoen programatuta”, dio Azpeitiak.
Donostiako Musika Hamabostaldiko egitaraua hankaz gora geratu zen COVID-19 gaitzak sortutako pandemiagatik. Kanpotik etorri behar zuten musikarien kontzertuak bertan behera utzi zituzten, eta bertako musikarien aldeko apustua egin zuen Donostiako musika jaialdiak. “Hasieran, Alcala de Henaresen (Madril, Espainia) bizi den errusiar baten kontzertua zegoen programatuta, baina covidagatik ezin izan zen egin. Irakasle izan dudan Esteban Elizondok kontzertua ematea planteatu zidan, eta nik Garikoitz Mendizabali emanaldi bat prestatzea proposatu nion. Orain urte batzuk elkarrekin jo genuen, eta gustatu egin zen. Berehala jaso nuen baiezkoa”.
Aspalditik ezagutzen dira Mendizabal eta Azpeitia. “Ezkontza batean edo jo nuen harekin lehen aldiz. Gero, 2003an, herri batzuetan kontzertuak ematea proposatu zidan; ez bakarrik organo garrantzitsuetan, herri txikietan ere bai, hango herritarrek beraien instrumentuekin goza zezaten. Herri askotan egon ginen: Zestoan, Getarian, Azkoitian, Alkizan, Tolosan, Durangon... Urte hartan elkarrekin kontzertu mordoa eman genuen; ederki moldatu ginen. Ordutik orkestrekin aritu da, eta diskoak ere atera ditu. Oso pozik nago harremana gorde dugulako”, dio Azpeitiak.
Organoa eta txistua. Bi instrumentu besterik ez Parrokiako nabe handia betetzeko. Edo oker gaude? Izan ere, organoa orkestra txiki bat bezala ikusten dute organo jotzaileek beraiek, erregistroen bidez beste musika instrumentu batzuen doinuak errepika ditzakeelako. “Organoa instrumentuen erregea dela diote. Elizarekin edo liturgiarekin lotuta egon da, baina organoa ez da elizetan bakarrik jotzen. Antzoki eta auditorio handienek ere badituzte organoak”, eman du jakitera zumaiarrak.
Organista bezala da ezaguna, baina instrumentu honekin hasi aurretik pianoa ikasi zuen Mari Karmen Azpeitiak. Oso txikia zela hasi zituen ikasketak. “Lagun bat hasi zelako hasi nintzen neu ere. Garai hartan ez zegoen musika eskolarik Zumaian, eta emakumeek ez zuten bandan jotzen. Zumaian bazeuden irakasle partikularrak, baina gehienok kolegioan, mojetan, ikasi genuen. Gero bai, azterketak Donostian egiten genituen, Musika Kontserbatorioan”.
Ikasketak bukatzen ari zela, San Pedro Parrokiako orduko organista, Angel Araolaza apaiza, berekin harremanetan jarri zen. “Hileta bat edo zuen, familiako norbaitena, eta Zumarragara joan behar zuen. Bazekien musika ikasten nenbilela, eta galdetu zidan ea animatuko nintzen organoa jotzera Parrokian, egun berean hileta bat zegoelako Zumaian. Baietz esan nion, organoaren teklatua pianokoa bezalakoa delako, baina pedalak ez nituela joko esan nion. 15-16 bat urte izango nituen orduan”. Urduritasunik ez zuela sentitu dio Azpeitiak. “Pieza erraz horiek jotzeko arazorik ez nuen. Gero, denborarekin, gauzak zailtzen joaten dira, eta obra handi bat jo behar duzunean, adibidez, hor bai, hor nerbioak izaten dituzu”. Eskolako elizkizunetan harmoniuma ere jotzen zuen ordurako, mojek ezin zutenean.
Parrokiako arduradunak gustura geratuko ziren Mari Karmen gazteak egindako lanarekin, elizako organista postua betetzeko deitu zioten eta. “Handik urtebete edo urte erdira, 1974ko Gabonetan, pianoko karrerako azken urtean nengoela, berriro harremanetan jarri ziren nirekin. Don Angelek utzi egin behar zuen, erretiroa hartu behar zuelako, eta berak eman zion nire izena orduko parrokoari, Don Teodoro Bikuñari. Organista postua hartzea proposatu zidan. Beste inor ez bazegoen joko nuela esan nion, baina ez finko bezala. 1975eko urtarrilaren 1ean hasi nintzen”.
Baten faltan, bi organo jotzaile elkartu ziren parrokian hilabete gutxiren epean. “Aste Santua edo izango zen. Abesbatzako zuzendaria Carlos Gorostola zen, eta haren iloba, Mari Tere [Ibarra] pianoa ikasten ari zen. Galdetu zidaten ea axolako zitzaidan Mari Tere ere organoa jotzen hasiko balitz. Denbora batean biok aritu ginen jotzen, baina handik bost bat urtera, ezkondu nintzenean, titular geratzeko esan nion. Baina norbait behar zuenean, beste inori deitu aurretik, han nengoela esan nion. Hala moldatu gara urte hauetan guztietan, eta hala jarraitu dugu. Bera da organista titularra, eta igandeko elizkizunetan eta hiletetan berak jotzen du. Ezin duenean jotzen dut nik, eta batak edo besteak ezin duenean, hor dugu Iker Gonzalez”. Zumaian bakarrik ez, organista propiorik ez zuten beste herri batzuetan ere jo izan du Azpeitiak: “Getariara, Zestoara eta urte dezentetan Mutrikura joan izan naiz bertako mezatan jotzera”.
Parrokian ezagutu zuen Esteban Elizondo organista ezaguna, denborarekin bere irakasle bihurtuko zena; bere ”profesorea”, Azpeitiak deitzen dion bezala. “Urte horretako udan izango zen. Kontzertu bat ematera etorri zen Esteban Elizondo, eta han ikusi gintuen biok, bi neska gazte, eta organoko ikasketak egitea proposatu zigun. Nik ez nekien organoko karrerarik zegoenik ere, eta biok hasi ginen ikasten. Orduan bost urteko karrera zen, eta beste ikasgai osagarriak ere bazituen. Garai hartan ez nuen karrera bukatu; hiru bat urte egin ondoren utzi nuen; ezkondu nintzen, familia izan nuen, eta urte batzuetan ez nuen ikasketekin jarraitu. Baina jo, organoa jo, beti jo izan dut”.
Umeak koskortu zitzaizkionean ekin zion berriro ikasketei. “Irakaslearekin hitz egin nuen, eta galdetu nion ea posible izango zen ikasketekin jarraitzea, karrera bukatzeko. Plana berria zen, eta bost urteko karreraren ordez zazpikoa zen. Egindako ikasketak konbalidatu zizkidaten, eta amaitu nuen karrera”.
Musika denbora pasa moduan ikusten du Azpeitiak, “hobby bat bezala”. Musika ez da inoiz bere ogibidea izan. “Urte hauetan guztietan administratzailea izan naiz Xey enpresan, orain hiru urte itxi zuten arte”. Hasi, baina, musika irakasle hasi zen . “Piano ikasketak amaitu nituenean, musika emateko irakasle bat behar zuten kolegioan. Organo ikasketak hasi nituen urte horretan bertan piano klaseak eman nituen”. Esperientziak gutxi iraun zuen, tamalez. “Karmeliten eskola guztietan ikasgai hori kendu zuten, eta Zumaian ere bai. 17 urte izango nituen, 18 egiteko. Garai hartan ez zegoen musika eskolarik Zumaian, eta ematen ziren klaseak partikularrak ziren. Gurasoek denda bat zuten, elikagaien denda. Musika gustatzen zitzaien, baina ez ziren hain musikazaleak. Pentsatu nuen: klaseak eman behar baditut, eskola orduetatik kanpo izan beharko dute, eta gurasoak etxera etorri eta hura haurrez beteta izatea ez da plana. Lokal bat jartzeko ere edade horrekin ez nuen dirurik. Lana aurkitu nuen, eta denbora honetan musika estra bat izan da”.
Estra horren barruan kontzertuak ere eman ditu Mari Karmen Azpeitiak. Esteban Elizondok bultzatuta hasi zen emanaldiekin. “Irakaslea oso pedagogo ona zen. Lehenbiziko urteetan agian ez, baina karrerako azken urteetan beti egiten genituen kontzertuak gure artean. Harremana ere hobetzen zen horrela: bata jotzen ari zen bitartean, bestea erregistroekin aritzen zen, eta hurrengoa partituretako orriak pasatzen. Inguruko organoak erakusteko aukera ere eman zigun horrek”.
Europako organoak ezagutzeko bidaiak egiten dituzte urtero. “Espainian izan gara, Italiara joan gara, Frantziara eta Alemaniara ere bai. Aste Santuaren hurrengo astean egiten ditugu bidaiak. Hemen organo onak ditugu, erromantikoak. Donostiako Santa Marian, Loiolan eta Azkoitian daude handienak, eta kanpotik jendea etortzen da hemen diskoak grabatzera. Baina hemendik kanpo ikusi ditugu organo izugarriak; Alemanian, Frantzian. Joaten garenean, normalean, uzten digute jotzen. Baina orain urte batzuk Parisko Notre Damen egon ziren –ni ez nintzen joan–, eta ikusi bai, baina ez zieten utzi jotzen; bertako organistak jo zuen”.
Ez omen dago organo berdinik. “Hala diote, behintzat. Zumaiakoa tamaina ertainekoa da. Bi teklatu, pedalak eta 15 erregistro ditu. Badaude bost teklatu dituzten organoak, eta 70 erregistrotik gorakoak. Kontzerturen bat eman behar dudanean, organoko erregistroa aukeratu eta han prestatzen dut. Baina, programa bera beste nonbaiten eman nahi baduzu, organo hartara egokitu behar duzu, ez duelako erregistro bera izango”.
Kontzertuak ematen ditu Azpeitiak, baina tamainan. “Pentsatu egiten dut proposamena onartu edo ez. Zumaian jotzea planteatu zidatenean ere hala izan zen. Kontzertu bat prestatzeko ordu asko sartu behar dira. Gipuzkoa mailan egiten den organo zikloan parte hartzeko ere deitu naute, baina ez naiz asko animatzen. Hara joan behar duzu, bertan prestatu behar duzu... Adin bat ere badut, eta gauzak lasaiago hartu nahi ditut; ez dut beharrik sentitzen kontzertuak emateko. Hemen ondo nago, koroekin jotzen.
Mari Karmen Azpeitia
- Adina: 63 urte.
- Ikasketak: Piano eta organo karrerak.
- Lanbidea: Urte askotan administratzailea Xey enpresan. Lanetik kanpo, organista eta pianista.
- Zaletasunak: Irakurtzea, musika.
- Gogoko izango nuke: Hizkuntzak ikastea. Bizikletan ibiltzea ere gustatuko litzaidake.