Azken orduetan beste positibo bat atzeman dute Zumaian

Julene Frantzesena 2020ko urr. 14a, 13:08

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR proba egin duten herritarren %5,5ek eman dute positibo. Eskualdean, Azkoitian baheketa bukatu badute ere, hamar positibo zenbatu dituzte. Azpeitian, berriz, Osakidetzak oraindik ez du jakinarazi bihar hastekoa duen baheketa selektiboaren gaineko xehetasunik.

Osasun Sailak azken orduetako PCR proben emaitzen berri eman du: koronabirus kasu bat gehiago atzeman dute Zumaian. Eskualdean, berriz, Azpeitiak eta Azkoitiak dituzte datu kezkagarrienak. Atzo jakinarazi zuen Osakidetzak COVID-19a detektatzeko eta bere hedapena mugatzeko PCR bidezko baheketa selektiboa egiten hasiko dela bihar, osteguna, Azpeitian. Bien bitartean, baina, herri horretan goraka jarraitzen du positiboen kopuruak; izan ere, herenegun hemezortzi kasu eta atzo hamabost atzeman dituzte. Azken zazpi egunetan, berriz, 76 kasu zenbatu dituzte herri horretan. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 836,93 da Azpeitian, eta positiboen gorakadaren isla erakusten du I(D)/I(D-7) intzidentzia tasaren arrazoiak ere; izan ere, 1,91ra igo da.

Azkoitian bukatu dute dagoeneko baheketa seletiboa, eta orotara, herritarren %1,14k eman dute positibo PCR probetan; hau da, PCR proba egin zuten 3.069 herritarretatik 35ek. Dena den, gaur beste hamar positibo zenbatu dituzte Azkoitian, eta oraindik ere 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean hamalau eguneko positibo metatuen tasa altuena izaten jarraitzen du: 1025,94 da. I(D)/I(D-7) intzidentzia tasa ere altua da: 1,81.

Eskualdeko gaienrako herrietan oso positibo gutxi detektatu dituzte: Aian eta Errezilen bana. Beraz, horiekin eta Zumaiako, Azpeitiko eta Azkoitiko kasuekin, atzokoan, guztira, 28 positibo detektatu zituen Osasun Sailak Urola Kostan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.466 PCR gauzatu zituen atzo Osakidetzak, eta proba horietan 410 lagunek eman zuten positibo; proba egin zuten herritarren %5,5ek, alegia. Herenegundik jaitsi egin da ehuneko hori; izan ere, orduan PCRa egin zuten herritarren %7,7,82k ema zuten positibo. Positibo kopuru altuena Gipuzkoan atzeman zuten: 186. Bizkaian, berriz, 179 detektatu zituzten, eta 39 Araban.

Atzokoan 33 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan, herenegun baino hamazazpi gehiago. Orotara, 263 lagun daude erietxeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; herenegun baino hiru gehiago. Dena den, herenegun baino bi lagun gutxiago daude ZIUn: 50.

Nafarroan, berriz, 378 positibo zenbatu zituzten atzokoan, 3.013 PCR proba gauzatuta. Horrenbestez, proba egin zuten herritarren %12,5ek eman zuen positibo. COVID-19aren hedapena geldiarazteko asmoz, lurralde horretan dagoeneko indarrean dira gobernuak ezarritako neurri murriztaileak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide