Gehienez sei pertsonako taldeak elkartu ahalko dira, eta ostalaritzan edukiera %50ean murriztuko da

Onintza Lete Arrieta 2020ko urr. 17a, 15:00

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du COVID-19 birusa "azkar hedatzen" ari dela, eta hainbat neurri murriztaile hartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak: besteak beste, alor pribatu zein publikoan gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira; aktibitate guztietarako edukiera %50era murriztuko da; elkarte gastronomikoak eta txokoak itxita egongo dira; eta federatua ez den kirol lehiaketa oro bertan behera geldituko da.

Neurri murriztaile berriak jarriko ditu martxan Eusko Jaurlaritzak datozen egunetan, baldin eta Euskadiko Auzitegi Gorenak horiek berresten baditu. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu du Biziberri II planeko laugarren agertokian daudela momentu honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa pandemiari dagokionez, COVID-19aren transmisioa altua dela, eta aurreikuspena dela datozen egunetan hazten joatea kutsatu kopurua. “Gogorragoak izan beste erremediorik ez dugu”, esan du. Horrez gain, azpimarratu du norbanako guztien esku dagoela pandemia kontrolpean egotea berriz, eta eskatu du ahalik gehien murrizteko aktibitate sozialak eta bilkurak.

Hartuko diren neurri guztiak ez ditu esan, baina bere esanetan, ondorengoak dira garrantzitsuenak: gehienez sei pertsona elkartu ahal izango dira alor publiko zein pribatuan; edukiera %50era murriztu beharko dute era guztietako establezimendu eta ekintzek, hala nola ostalaritza sektoreak (terrazetan izan ezik), eta kultur eta erlijio ekitaldiek; ekitaldi handiei dagokienez, barruko ekitaldietan edukiera gehienez 400 pertsonakoa izango da, eta 600ekoa kanpokoetan; beranduenez gauerdian itxiko dira ostalaritza jarduerako lokalak; bertan behera geldituko da federatua ez den kirol lehiaketa oro; eta ezingo da elkartu txoko eta elkarte gastronomikoetan.

Epaileen oniritzia jaso eta buletin ofizialean argitaratu ondoren sartuko dira indarrean aipatutako murrizketak, eta Sagarduik jakinarazi du lehendik zeuden murrizketek ere indarrean jarraituko dutela.

Test azkarrak gaurtik aurrera

Bestalde, azaldu du Osakidetzan zenbait alor indartu eta protokoloan aldaketa batzuk txertatu dituztela. Batetik, koronabirus kasu positiboen behaketa eta jarraipena egiten duten taldea 45 langile berrirekin indartuko dute, eta 375 pertsona ariko dira zainketa eta jarraipen lan horiek egiten. Bestetik, kasu positiboak azkarrago diagnostikatzeko helburuarekin, antigenoen test azkarrak erabiltzen hasiko dira gaur bertan, PCR testekin batera. Test azkar horiek batez ere lehen arretako zentroetan eta larrialdi zerbitzuetan erabiliko dituztela esan du Osasun sailburuak, eta horiei esker, positiboak are azkarrago isolatu ahal izango direla. Jakinarazi du, gainera, test horien eta PCRen emaitzak batera plazaratuko dituztela egunero ematen dituzten datuetan, bereizketarik egin gabe.

Protokoloan egingo duten aldaketei dagokienez, koarentena eta isolamendu aldiak hamalau egunetik hamarrera murriztuko ditu Osakidetzak, eta koarentenen kasuan, bigarren PCR testa ez du hamargarren egunean egingo, zortzigarrenean baizik. Egun horiek murrizteko, betiere, kontuan hartuko dute zenbat egun daramatzaten koronabirusarekin bateragarriak diren sintomarik gabe.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide