Orain arteko daturik txarrenak utzi dituzte PCR probek asteburuan Zumaian. Izan ere, zapatuan eta igandean beste 23 positibo detektatu zituen Osasun Sailak eskualdean. 54 kasu positibo zenbatu dituzte Zumaian azken zazpi egunetan. Asteartean kasu bakarra izan zen, asteazkenean bederatzi, 11 ostegunean, hamar ostiralean, hogei larunbatean, eta hiru igandean.
100.000 biztanleko azken 14 eguneko tasan ere gora egin du Zumaiak azken egun hauetan izandako positiboekin. Tasa 712,47ko da asteburuko datuen ondoren. Ia bikoiztu egin da tasa pasa den aste erdiko kopuruarekin alderatuta.
Eskualdeko datuak
Honako hauek dira eskualdean azken bi egunetako datuak: Azpeitian 34 positibo, Azkoitian 11, Zarautzen bederatzi, Zestoan zortzi, Errezilen zazpi, Getarian bi eta Orion bat.
Azpeitian bukatu du baheketa masiboa Osakidetzak dagoeneko, baina oraindik ez ditu jakinarazi Izarraitz pilotalekuan gauzatutako probetan zenbat lagunek eman duten positibo. Ostegun eguerdian hasi zen Osasun Saila 17 eta 40 urte arteko herritarrei probak egiten, eta larunbatean bukatu zituen. Osteguna eta larunbata artean, orotara, 59 positibo zenbatu dituzte Azpeitian, baina ez dute zehaztu horietako zenbat diren anbulatorioan, Zumarragako ospitalean eta Izarraitz pilotalekuan egindako proben emaitzak.
Hamalau eguneko positibo kopuru metatuaren tasak gora egin du beste behin Azpeitian: 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasa altuena dauka, 1.142,48. Azkoitiari aurre hartu dio, beraz, zenbateko horretan –1.101,01 da Azkoitikoa–; izan ere, azken asteetan Azkoitia izan da tasarik altuena izan duen herria. Tasa horiek tarteko, ikusteko dago Osasun Sailak neurririk hartuko al duen eskualdeko bi herri horietan.
Gipuzkoako tasari begira
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.838 PCR proba gauzatu zituen atzo Osakidetzak, eta 657 positibo atzeman zituen. Hau da, proba gauzatu zuten herritarren %8,4k eman zuten positibo atzokoan. Gipuzkoan herenegun baino kasu gutxiago detektatu zituzten –275 lagunek eman zuten positibo–, baina hamalau eguneko positibo metatuen kopuruak gora egin du: 479,37era iritsi da. Espainiako Gobernuak konfinamenduaren gisako neurriak hartzeko ezarritako 100.000 biztanleko 500 positiboko tasatik gertu da, beraz, Gipuzkoa oraintsu.
Bizkaian eta Araban baxuagoa da tasa horren zenbatekoa, baina atzokoan Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 313. Araban, berriz, 59 positibo zenbatu zituzten atzo. Dena den, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko tasa 360,74 da. Hau da, 100.000 biztanleko 360,74 lagunek eman dute positibo azken hamalau egunetan. Oinarrizko birsorkuntza tasa, berriz, puntuaren gainetik dago azken astebetean: 1,26 da orain.
Atzo 33 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietan 300 lagun daude erietxeratuta gaur egun –herengun baino hamabost gehiago–. ZIUn diren pertsonen kopuruak ere gora egin du herenegundik: zapatuan 52 ziren, eta 55 atzo.
Nafarroako Osasun Institutuak ere eman ditu datuak. 2.719 PCR proba egin ziren atzo, eta horietatik 488 positibo eman ziren, egindako proben %17,1. Bi lagun hil ziren atzo Nafarroan. Ospitaleratuak 296 dira –bezperan baino 14 gehiago–; horietatik 36 daude Zainketa Intentsiboko Unitatean.