Beste egun batez, datu kezkagarriak eman ditu Eusko Jaurlaritzak Osasun Sailak; izan ere, Zumaian beste bost pertsonak eman zuten atzo positibo PCR probetan. Asteburuko datuekin alderatuta jaitsi egin da positibo kopurua, baina zertxobait gora egin du intzidentzia tasak –712,47koa zen atzo; 763,36koa gaur–. Urola Kostan, guztira, 30 kasu izan dira; horietatik hamalau, Azpeitian zenbatu dituzte. Gainontzeko herrietan, berriz, honako hauek izan dira datuak: Azkoitian eta Errezilen hiruna positibo, Getarian eta Zestoan bina eta Zarautzen bakarra. Zumaiaz gain, Azpeitia –1.195,62– eta Azkoitia –1.109,35– daude semaforo gorrian. Horrez gain, aipatzekoa da Errezilgo kasua ere, 3.184,71eko intzidentzia tasa baitu.
Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 625 kasu berri zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 32 kasu gutxiago. Hiru herrialde horietan atzo gauzatu zituzten PCR probak, berriz, 8.953 izan ziren, herenegun baino 1.115 test gehiago. Gipuzkoan izan dira hiru herrialde horietan daturik okerrenak, kasuen ia erdiak (304) lurralde horretan hauteman baitituzte. Gainera, lehen aldiz Espainiako Gobernuak konfinamenduaren gisako neurriak hartzeko ezarritako 100.000 biztanleko 500 positiboko tasa igaro du —506,14ko tasa du Gipuzkoak—, baina oraindik ez dute erakundeek halako neurririk iragarri. Dena den, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak urgentziazko bilera egingo du herrietako alkateekin gaur arratsaldean.
Ospitaleratzeei dagokienez, 312 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egun erietxeetan dauden gaixoak —herenegun 300 ziren—, eta atzo 45 pertsona ospitaleratu zituzten, herenegun baino hamabi pertsona gehiago, hain justu. ZIUn dauden eriak, berriz, 59 dira, lau gehiago.
Nafarroan bost hildako izan ziren atzo. 578 kasu positibo zenbatu zituzten, eta ospitaleratutakoen kopurua 309ra igo da –bezperan baino hamahiru gehiago–. 38 lagun daude ZIUn, bezperan baino pertsona bat gehiago.