Gipuzkoako egoera kezkagarria da. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 500etik gorakoa da, eta, horregatik, egoera aztertzeko eta nola aurre egin behar zaion adosteko bilera telematikoa egin dute astearte arratsaldean Markel Olano ahaldun nagusiak eta lurraldeko alkateek. Ez dute neurri berririk hitzartu, baina bileraren amaieran, harreman sozialak ahalik eta gehien mugatzeko eskatu die Olanok herritarrei.
Bilera telematikoa izan da Olanok eta 70 alkatek egin dutena. Azken egunotan "bereziki kezkagarriak" bihurtu diren datuak ikusita, diputatuak "erabateko babesa eta lankidetza" eskaini die alkateei, pandemiaren ondorioei aurre egiteko eta COVID-19ren hedapena "guztion artean mugatzeko".
Olanok nabarmendu du "inoiz baino beharrezkoagoa" dela maila desberdinetako erakundeen arteko lankidetza, beti ere Osakidetzarekin koordinatuta. "Osasun arloko murrizketak eta gomendioak betetzeko orduan inoiz baino zorrotzagoak izan behar gara eta errespetarazi egin behar ditugu, gure eskumenen esparruan ", adierazi du diputatu nagusiak, eta pandemiaren aurkako borrokan Gipuzkoako udal guztiak jokatzen ari diren “lan aktiboa eta ezinbestekoa” eskertu eta aitortu nahi izan du.
Olanok azaldu duenez, "gizarte gisa, harreman sozialak ahalik eta gehien mugatuta soilik lortuko dugu kasuen gorakada geldiaraztea eta kutsatze lerroak moztea", eta "orain egiten dugunaren araberakoa izango da datozen asteetako bilakaera". Egungo egoerari buelta emateko, "konpromiso eta esfortzu komunitarioaren" beharra azpimarratu du; "horrela bakarrik lortuko dugu eta kolektibo ahulenen bizitzak babestea".
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoera izan da bileran aztertu duten beste gaietako bat. Olanok berretsi egin du egoiliarren osasuna eta segurtasuna dela lehentasun nagusia, eta, horregatik, jakinarazi du azken egunotan ia egoitza guztietan mugatu egin dituztela kanporako irteerak, "egoera epidemiologiko horren gogorrean dauden udalerrietan izan ezik".