Zazpi eguneko epean 64 kasu atzeman dituzten Zumaian, atzoko 16 positiboak gehituta. Hala, 100.000 biztanleko intzidentzia tasak izugarri egin du gora azken astean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 916,03ko tasa du Zumaiak, eta gaur egun Gipuzkoako altuenetakoa Beasainekin, Ordiziarekin, Urnietarekin, Azkoitiarekin eta Azpeitiarekin batera. Semaforo gorriak piztuta daude Zumaian.
Urola erdiko bi herri horiek dira 1.000 tasa igarotzen duten bakarrak, kopuruak azken egunotan jaitsi badira ere. Eskualdean datu txarrak eman ditu Osasun Sailak. 11 herrietatik zortzitan eman dute herritarrek positibo PCR probetan. Zumaiak eman du kopuru handiena, aipatutako 16 kasuekin. Gainontzeko herrietan honako positibo kopuruak atzeman zituzten atzo: Zarautzen sei, Errezilen lau, Getarian hiru, Zestoan bi eta Orion bat. Aian, Aizarnazabalen eta Beizaman, aldiz, ez zuten kasurik atzeman.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 819 pertsonak –Gipuzkoan, 377k– eman zuten atzo positibo PCR probetan, herenegun baino 194 herritar gehiagok. Hiru lurralde horietako intzidentzia tasarik altuena Gipuzkoak du, 100.000 biztanleko 533,61eko tasarekin. Horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek bilera telematikoa egin zuten atzo lurraldeko alkateekin, eta Markel Olano ahaldun nagusiak harreman sozialak “ahalik eta gehien” mugatzeko esatu zien gipuzkoarrei.
Bestalde, erietxeetako gaixoen kopuruak ere goranzko joera du: 328 pertsona daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan; atzo 53 ospitaleratze berri izan ziren, herenegun baino zortzi gehiago. ZIUn, berriz, 59 pertsona daude oraindik.