Zumaian ez du etenik positiboen zenbaketak. Beste 17 kasu zenbatu ditu Osasun Sailak eta intzidentzia tasa 1.000tik gorakoa da une honetan: 1068,70 hain zuzen ere. Azken zazpi egunetan 82 pertsonak eman dute positibo Zumaiako PCR probetan. Udalak jakinarazi du Osakidetza baheketa selektiboa egitea aztertzen ari dela datorren aste hasieran.
Eskualdean, berriz, Azpeitian detektatu dituzte kasu gehien, 35 kasurekin. 100.000 biztanleko azken 15 egunetan 1.321,82ko intzidentzia tasa du Azpeitiak azken datu hauen arabera. Azkoitian ere datuak kezkagarriak dira, beste 21 positibo atzeman dituztelako. Intzidentzia tasa 1.059, 30ekoa da une honetan. Eskualdeko beste bost herritan ere izan zituzten atzo positiboak: Errezilen lau –4.299,36ko intzidentziarekin–, Zarautzen hiru, eta Zestoan, Orion eta Aian bana. Getarian, Beizaman eta Aizarnazabalen ez dituzte kasurik zenbatu.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.470 PCR proba egin dituzte, eta guztira 1.033 positibo zenbatu dituzte. Hiru herrialdetako intzidentzia tasa 418,28an kokatzen da une honetan. Gipuzkoan zenbatu dituzte kasu genien, 503 positiborekin; intzidentzia tasa 576,97ra igo da datu hauen ondoren. Bizkaian beste 423 kasu izan ziren atzo (338,54ko tasa), eta Araban 96 (311,62ko intzidentzia tasa).
Atzo 53 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gora egin du ospitaleratuen kopuruak: atzo 339 lagun zauden hiru lurralde horietako erietxeetan, herenegun baino 11 pertsona gehiago. ZIUn, berriz, herenegun baino hiru lagun gehiago daude, 62.
Pandemiak azken asteotan izan duen igoera kezkagarriaz jakitun, gaur arratsaldean elkartuko da Euskadiko planaren aholku batzordea (LABI) 5.000 biztanletik gorakoak diren eta 100.000 biztanleko 500dik gora positiboko tasa duten herrietan zer neurri hartu dezaketen aztertzeko.
Nafarroan, berriz, gauerditik indarrean dira hango gobernuak ezarritako neurri murriztaile berriak. Besteak beste, herrialde osoa konfinatu dute, eta ostalaritza ixteko agindua emana dago. Datuek, baina, okerrera egiten jarraitzen dute. Nafarroako Gobernuak emaniko behin-behineko datuen arabera, 586 positibo detektatu zituzten atzo, 3.651 test eginda. Horrenbestez, herritarren %16,1ek eman zuen atzo positibo Nafarroan.