Zumaiako aparkamenduak arautzeko TAO sistema abian da herrian 2017tik. Uda garaian aplikatzen da, hondartza denboraldiarekin batera. Ordutik, kritika dezente jaso ditu sistema honek, eta udalak iritzi dio sistema berpentsatzeko ordua heldu dela. Hala, ordenantza berria idazteko parte hartze prozesua abiatu du. Eskuartean dituen plangintzak biltzeko eta sustatzeko, partaidetzarako webgune berria prestatu du Zumaiako Udalak.
Autoak aparkatzeko arazoak areagotu ohi dira Zumaian uda garaian, ekainaren erditik, hondartza denboraldia hasten denean. Arazo horiek ekidin, edo, behintzat, arintzeko asmoarekin, TAO sistema aplikatu zen Zumaian 2017ko udan. Lehen urte hartan Alde Zaharreko, Larretxoko, Ardantzabideko eta Parolbideko aparkalekuak erregulatu ziren; bigarren urtean, 2018an, herri osora zabaldu zen.
Sistema aplikatu zen une beretik jaso ziren kritikak; bai kanpotik etortzen zirenengatik, baina, bereziki, herritar beraiengandik. Hala, kexa horien jakitun, eta behin betiko ordenantza bat idatzi nahian, TAOren inguruko parte hartze prozesua abiatu du udalak.
Prozesuaren berri emateko agerraldia egin dute gaur Alex Oliden eta Maider Alberdi zinegotziek. Olidenen esanetan, parte hartze prozesu hauek urtero egin behar ziren. "Hala zegoen aurreikusita, balorazioa egin eta hobekuntzak planteatzeko". Aparkalekuen ordenantza berria idazteko pausoak eman zituzten iazko udazkenean, behin hondartza denboraldia amaitu zenean. Baina, pandemia heldu zen, eta asmoak bertan behera utzi behar izan zituzten. "Martxoaren 9an edo 10ean egin genituen azken bilerak, eta horren ondoren, berehala, itxialdia etorri zen", gaineratu du Olidenek. "Iaz hauteskundeak izan ziren eta horregatik 2018ko ordenantzarekin egin zen lan; aurten ere hala egin behar izan da", gogoratu du. Lanketa honen helburua ahalik eta sistema erosoena eta sinpleena lortzea" izango litzateke, "herritarrek esan digute eta zailtasunak dituela".
Lehen urte hartan sortutako mahai tekniko-politikoa berrindartzeko asmoa erakutsi du udal gobernuak. "Merkatariez eta ostalariez gain, sistema aplikatzen den zonalde bakoitzeko ordezkariak egotea nahi dugu, hirigune barrukoak zein hirigune kanpokoak". Mahai honek prestatutako zirriborroa jendaurrean erakutsiko dute, bilera ireki batzuetan.
Partaidetzako webgunea
Mahai tekniko-politiko honetako partaide izan nahi duten herritarrek izena emateko aukera dute udalak sortu berri duen partaidetzarako webgunean: partaidetza.zumaia.eus. Horrez gain, aparkamendu sistemaren inguruko galdetegia erantzuteko aukera izango dute atari horretan bertan edo, presentzialki, udaletxean. Gaurtik azaroaren 6ra bitartean izango da galdetegia erantzuteko aukera. "Iritzi horiek kontutan hartuko dira, eta mahai tekniko-politikora eramango dira", informatu du Olidenek.
Esku artean dituen parte hartze prozesuak "biltzeko eta sustatzeko" asmoarekin sortu du Zumaiako Udalak aipatutako atari hori, Maider Alberdi zinegotziaren esanetan. Plangintza hauek aurrera eramateko "beste tresna" bat bezala ikusten du Alberdik plataforma hau; bilera eta saio presentzialak egingo dituztela ere azpimarratu du.
Arlo desberdinetan abiatutako prozesuak ikuskatzeko aukera izango dute erabiltzaileek, galdetegiak erantzun –horretarako beharrezkoa izango da identifikatzea–, edo zintzilikatuko dituzten txostenak ikusteko. Hala, orain bertan abian diren prozesuetako dokumentuak jaitsi eta aztertu daitezke.