Positibo kopuruak gora egiten jarraitzen du: beste 13 kasu zenbatu dituzte Zumaian

Julene Frantzesena | Maria Maya Manterola 2020ko urr. 23a, 13:39

Dagoeneko indarrean dira birusaren hedapena saihesteko neurriak Zumaian, intzidentzia tasa oso altua delako. Atzo atzemandako 13 kasuekin 1.000ko langa gainditu du, hain zuzen ere, intzidentzia tasak.

Osasun Sailak beste 13 kasu zenbatu zituen atzo Zumaian egindako PCR probetan. Positibo kopuruak gora egiten jarraitzen du etengabe: azken zazpi egunetan 84 kasu atzeman dituzte, eta intzidentzia tasa 1.129,77 da dagoeneko.

Semaforo gorriak piztuta jarraitzen du Azpeitian eta Azkoitian ere. 5.000 biztanletik gorako herri horiek hamalau eguneko positibo kopuru metatu altua dute. Gipuzkoako udalerrien artean tasa altuena duen hirugarren herria da Azpeitia: 1.414,81. Aurretik dira Ordizia –1.624,87– eta Beasain –1.524,8–. Azkoitiak e ere intzidentzia tasa oso altua dute, 1.176,08, hain zuzen ere. Errezilek ere izugarrizko intzidentzia tasa –4.299,36– dauka, baina ez da iristen neurriok indarrean jartzeko ezarri dituzten baldintzetara; izan ere, bost mila biztanle baino gutxiago ditu.

100.000 biztanleko 500dik gorako positibotasun tasa daukate, beraz, Azpeitiak, Azkoitiak eta Zumaiak, eta Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen neurri murriztaileak dagoeneko indarrean daude leku horietan. Gainera, Azpeitiko Udalak beste neurri batzuk ere hartu ditu, eta herrian astebururako antolatuta zeuden ekitaldi ia guztiak bertan behera gelditu dira.

Azpeitian eta Azkoitian baheketa selektiboak gauzatu ditu azken asteetan Osasun Sailak, eta litekeena da datorren astean Zumaian egitea. Izan ere, herri horretan baheketa selektiboa egitea aztertzen ari da Osakidetza. 

Egunean zehar gauzatutako PCR probetan –ez dute zehazten zenbat egiten dituzten herri bakoitzean– Zumaiako hamahiru kasuez gain 56 positibo zenbatu zituen Urola Kostan: Azpeitian 21, Azkoitian 20, Zarautzen hamar, Zestoan lau eta Errezilen bat. Dena den, positiboen kopurua herenegungoa baino baxuagoa da; izan ere, 85 positibo detektatu zituzten orduan eskualdean.

Kasuak gora eta gora
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positiboek ikaragarrizko gorakada izan dute azken egunetan, baina baita gauzatutako PCR kopuruak ere. Atzo, esaterako, COVID-19aren pandemiaren bigarren olatuan orain arteko test gehien egin zituzten eguna izan zen; 14.144 proba egin zituzten hiru lurralde horietan. Eta emaitzak ere halakoxeak izan ziren: orain arteko positibo gehien atzeman zituzten atzo, 1.207. Horrenbestez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR proba egin zuten herritarren %8,5ek eman zuten positibo.

Lurraldeka honako hauek izan ziren datuak: Araban 87 positiboa; Bizkaian 561; eta Gipuzkoan 545. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 11 lagunek ere positibo eman zuten proban. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa altua da; izan ere, 452,51ra iritsi da dagoeneko. Lurraldeka, baina, badira aldeak: Arabako tasa 319,54 da; Bizkaikoa 370,21; eta Gipuzkoan 626,33.

Atzo 57 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, 339 lagun daude erietxeetan, herenegungo kopuru berbera. Dena den, gora egin du ZIUn ospitaleratutako pertsonen kopuruak, 69 baitira horiek –herenegun 62 ziren–.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide