Beste 620 positibo atzeman dituzte Gipuzkoan

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 24a, 13:15

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.895 proba egin zituzten atzo, eta 1.212k eman zuten emaitza positiboa. Beste behin, Gipuzkoan zenbatu dituzte kasu gehien. 61 lagun ospitaleratu zituzten atzo hiru lurralde horietan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi ditu COVID-19 gaitza atzemateko atzo egin zituzten proben emaitzak, eta datuen arabera, 12.895 proba egin zituzten atzo; PCR eta Antigeno proben batura litzateke hori. Horietatik, guztira, 1.212 probak eman zuten emaitza positiboa.

Datuak lurraldeka aztertuta, atzo ere Gipuzkoa izan zen kasu positibo gehien atzeman zituzten gunea; 620 zenbatu zituzten. Bizkaian ere positibo ugari zenbatu zituzten –452–, eta Araban, apalagoak izan ziren datuak: 136 positibo hauteman zituzten lurralde horretan.

COVID-19 gaitzaren ondorioz, 61 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta gaur-gaurkoz, gaitz hori duten 71 pertsona Zainketa Intentsiboetako Unitatean daude.

Osakidetzak astelehenean eguneratuko ditu udalerrikako datuak. Bestalde, ez dituzte oraindik kaleratu Nafarroako datuak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide