Alarma egoera ezartzeko ministro kontseilu berezia egingo du bihar Espainiako Gobernuak

Maria Maya Manterola 2020ko urr. 24a, 14:30

Deialdi ofiziala falta den arren, gobernukideek ministro kontseilu berezia "ziurrenik" bihar bertan egingo dela iragarri dute. Hego Euskal Herriko agintariek Pedro Sanchezi helarazi diote dagoeneko alarma egoera ezartzeko eskakizuna.

Madrilgo hainbat komunikabideren arabera, Espainiako presidente Pedro Sanchezek ministro kontseilu berezia deituko du biharko, larrialdi egoera ezartzeko. Besteak beste, Hego Euskal Herriko agintariek –Maria Txibitek eta Iñigo Urkulluk– egin diote eskakizuna Sanchezi, koronabirusaren hedapena saihesteko neurri murriztaileak ezartzeko. Urkulluk atzo egindako agerraldian adierazi zuen “ahalik eta azkarren eta arretaz” jardun nahi duela, “herritar guztien osasuna zaintzeko eta koronabirusaren transmisio komunitarioa mugatzeko”. Izan ere, behin larrialdi egoera ezarrita, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Urkullu litzateke larrialdi egoeraren kudeaketa burua. 

Ministro kontseilua biltzeko deialdi ofiziala falta dela aitortu dute gobernukideek; hala ere, bilkura ziurrenik bihar bertan egingo dela jakinarazi dute. Gobernuak ez du Kongresuaren onarpenik behar alarma egoera ezartzeko, baina bai bi aste baino gehiago luzatzeko. Hori dela eta, Salvador Illa Osasun ministroak Alderdi Popularrari alarma egoera ezartzeko babesa eskatu dio, erabakiak autonomia guztiei eragingo baitie, baita PPk gobernaturikoei ere. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide