Duela bi urte atal honetan ikusi genuen, baita ere, gure mendiak, bailarak eta paisaiak azken bi milioi urteetan sortu direla nagusiki. Gure mendiak kareharrizko mendiak direla ikasi genuen eta kareharri hauek euri urarekin disolbatu egiten direla eta kobazulo ugari sortzen dituztela. Geoparkearen barruan ehunka haitzulo daude kostaldetik gertu eta hori ondo baliatu zuten gure arbasoek. Deba bailaran Pirinio eta kantabriar mendietako historiaurre aztarnategi kontzentrazio altuena daukagu. Gune txiki batean oso aztarnategi oparoak daude, besteak beste, Ekain, Urtiaga, Praileaitz, Ermitia, Astigarraga, Zerratu, Aizkoltxo, Kiputz, Langatxo edo Iruroin. Guztira 60 aztarnategi baino gehiago. Hau da gure geoparkearen altxor ezkutua: Prehistoriaren bailara, gure historia bera ulertzeko aukera.
Zergatik Geoparkean?
Kontzentrazio altu horren arrazoi nagusia kobazuloen kokapena da. Haitzulo hauek kostaldetik gertu zeuden eta klima hotzagoan oso baliagarriak izan ziren gure arbasoentzat.
Gako eta balio nagusiak
- Azken 200.000 urteetako historia. Aztarnategi kopuru altua izateaz gain, aurkitutako tresnek adierazten digute kronologia ere oso zabala dela. Esan daiteke gure arbasoak azken 200.000 urteetan modu jarraian okupatu izan dutela gure lurraldea. Behe, Erdi eta Goi Paleolitoa, Epipaleolitoa, Mesolitoa, Neolitoa, Brontze Aroa, Burdin Aroa eta erromatar garaiko aztarnak dauzkagu. Hor dago gure historiaren puzzlea.
- Gure arbasoen bizimodua. Erregistroa zabalagoa bada ere, aztarnategi gehienak eta oparoenak duela 15.000–10.000 urte bitartekoak dira. Garai hartan gure arbasoek inguruko kobazulo asko erabili zituzten, eta litekeena da kobazulo bakoitzak funtzionalitate desberdina izatea eta beraien artean elkar erlazionatzea. Ermitia, adibidez, basahuntzak ehizatzeko kobazuloa izan zitekeen, Langatxo arrantzarako aterpe txiki bat, Ekain bizitzeko kobazulo zabala eta Praileaitz ekimen sakratuen haitzuloa. Aztarnategi kopuru eta aniztasun horrek garai hartako gure arbasoen bizimodua ondo ulertzeko aukera ematen digu: nor ziren, nola mugitzen ziren, zer jaten zuten, nola moldatzen zituzten tresnak, nolakoak ziren beraien harremanak, nondik nora mugitzen ziren, zer pentsatzen zuten…
- Artea: Ekain eta askoz gehiago. Goi Paleolitoko gizaki haiek mundu desberdin batean bizi ziren eta beraien sinesmenak arte moduan irudikatu zituzten. Batzuetan doitasun handiarekin egiten zituzten marrazkiak beraien tresnak apaintzeko. Hori da, adibidez, Ermitiako arpoiaren kasua. Praileaitz kobazuloan, adibidez, zehaztasun handiz egindako zintzilikario beltz eta enigmatikoak aurkitu dira. Nor bizi zen kobazulo txiki eta magiko horretan? Zertarako zintzilikarioak? Baina zalantzarik gabe txundituta utziko gaituen adierazpen artistikoa Ekain kobazuloko horma artea da, 2008. urtean Unescok munduko ondarea izendatu zuen kobazuloa. Zaldien haitzuloa. Inon nork margotu izan dituen zaldi harrigarri eta txundigarrienak ditugu gure geoparkean. Baina ez hori bakarrik, Ekaingo santutegiaren paretetan arrainak, ahuntzak, oreinak, bisonteak eta hartzak ere badaude. Zergatik margotzen zuten? Nork margotzen zuen? Zergatik zaldiak bereziki? Horma arteak gure pentsamenduaren jatorriaren ispiluaren aurrean jartzen gaitu.
- Neandertal–Homo Sapiens Sapiens. Gure arbaso zuzenak Homo Sapiens Sapiens Beraiek izan ziren duela 14.000 urte Ekain margotu zutenak, baina Praileaitz, Zerratu edo Astigarragako kobazuloetan aurkitu diren aztarnak askoz zaharragoak dira (200.000-40.000 urte). Tresna horiek neandertalek egin zituzten. Bai, ondo irakurri duzu. Duela 40.000 urte Europatik desagertu zen giza espeziea ere bizi izan zen gure inguruan.
- Denbora tarte luze honetan klima ez da gaur ezagutzen dugun bezalako izan. Duela 120.000 urte inguru neandertalek klima epel batean bizi izan ziren, baina denbora gutxian klima hoztu egin zen. Mundua azken glaziazioan sartu zen eta Homo Sapiensak bizi baldintza gogor hauetara moldatu behar izan zuen. Negua benetan zen gorria Goi Paleolitoan. Duela 80.000–10.000 urte Ipar poloko izotza Londres edo Berlin ingurura iristen zen, Aralarren glaziar bat zegoen eta Andutz edo Izarraitz elurrez estalita egongo ziren urteko garai luzeetan. Gure arbasoek itsasoko baliabideak ustiatzen zituzten, baina horretarako gaur egun baino 10 bat kilometro gehiago ibili behar zuten. Itsas maila gaur egun baino 100 metro inguru baxuago zegoen.
- Panterak, hartzak eta mamutak geoparkean. Gure arbasoen bizimodua ehizari lotuta zegoen. Ez da erraza sinesten, baina kobazuloetan azaldu diren fosilei begiratuz klimaren arabera paraje hauetan hartzak, panterak, mamutak, elefanteak, bisonteak, oreinak, elur oreinak eta basahuntzak nonahi ikusi zitezkeela ondoriozta daiteke. Horiek ziren gure arbasoen kideak, ehiza eta arriskuak. Faunari dagokionez Kiputzeko kobazuloa azpimarratu behar da. Arno mendiaren magaletan dagoen sima (zulo) txiki hau duela 20.000 urte inguru tranpa natural bat izan zen inguruko animalientzat. Aurkitutako 18.000 hezur pusketetatik abiatuta, Kiputz IX leizean aurkitu dira Iberiar penintsula osoko elur orein, bisonte eta orein multzo oparoenak. Guztietatik nabarmendu behar da estepako bisonte baten garezur osoaren aurkikuntza ikusgarria. Kiputz leiho ederra da azken glaziazioaren fauna ulertzeko.
Geoparkea eta Prehistoriaren bailara
Azken 200.000 urteetan gure lurraldean bizi izan diren animalia zein gizakiek aztarna ugari utzi dituzte. Erronka ederra eta interesgarria daukagu aurrean. Gure historiaren puzzlea osatzeko aukera daukagu. Horretarako geologian urte askotan egin izan dugun moduan, ikerketa antolatu, kontserbazioa bultzatu eta dibulgazioa landuko dugu gure historiaren altxorrak ezagutzera emateko. Aukera ezin hobea daukagu gure arbasoan mundua ulertzeko. Hain gertu eta hain urrun.