Bihartik asteazkenera bitartean egingo dute baheketa selektiboa Aitzuri pilotalekuan

Maria Maya Manterola 2020ko urr. 25a, 11:54

Azkoitian egin zuten baheketa hil honen hasieran. (Maxixatzen.eus)

Osasun Sailak 13 eta 40 urte arteko herritarrak baheketan parte hartzera deitu ditu. Ikastetxeetako ikasleek izan ezik, aurrez hitzordua hartu beharko dute herritarrek PCR proba egiteko.

Azken egunotako kasu kopuruaren gorakada dela eta, Osasun Sailak 13 eta 40 urte arteko zumaiarrak bihar hasi eta asteazkenean amaituko den baheketa selektiboan parte hartzera deitu dituzte. Aitzuri pilotalekua egokituko dute PCR probak egiteko: bihar, astelehena, 15:30etik 19:30era egingo dituzte probak; asteartean eta asteazkenean, berriz, 8:30etik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era. 

Osasun Sailak jakinarazi du Zumaienako eta Herri Eskolako ikasleek ez dutela baheketan hitzordua hartu beharko, ikastetxeetako zuzendaritzekin elkarlanean antolatuko baitute baheketa. Gainontzeko 13 eta 40 urte arteko herritarrek, berriz, Zumaiako osasun zentrora (943-00 64 90) edo Osasun Aholkuaren telefono zenbakira (900-20 30 50) deitu beharko dute aurrez hitzordua hartzeko. Bihar, astelehena, 8:00etatik aurrera hasiko dira hitzorduak hartzen. 

Osakidetzaren esanetan, PCR proba egin ondoren komenigarria da harreman sozialak saihestea, maskara erabiltzea eta segurtasun distantziak mantentzea. Proben emaitzak gehienez ere 72 ordura jasoko dituzte herritarrek SMS bidez, eta emaitza positiboen kasuan, telefonoz ere dei egingo zaie. 

Era berean, sintomak –sukarra, eztula, eztarriko mina edota arnasteko zailtasunak– izan ditzaketen herritarrei etxean isolatzeko eta osasun zentrora deitzeko eskatu die Osakidetzak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide