Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri du berriz ere

Andoni Elduaien 2020ko urr. 25a, 14:54

Pedro Sanchez Espainiako presidentea. (Argazkia: PSOE)

Besteak beste, 23:00etatik 06:00etara bitartean etxeratzeko agindua eman du Espainiako Gobernuak. Alarma egoera datorren maiatzaren 9ra arte luzatzeko asmoa duela jakinarazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak.

COVID-19 pandemiari aurre egiteko lehen alarma egoera ezarri zenetik zazpi hilabetera, gaur, urriak 25, Espainiako Gobernuak bigarren alarma egoera onartzea erabaki du. Gaur goizean egin dute Espainiako Ministro Kontseilu berezia, eta tokian tokiko lurraldeetan derrigorrez bete beharreko gutxieneko neurriak iragarri dituzte.

Espainiako Gobernuaren neurrien artean daude biltzeko eskubidearen mugatzea, lurralde batetik bestera mugitzearen debekuaren aukera eta gaueko etxeratze agindua; ordu txikietako mugikortasuna ekidin nahi dute, eta 23:00etatik 06:00etara bitartean etxeratzeko edo konfinatzeko agindua eman du Espainiako Gobernuak. Ordutegi hori ordu betez aurreratu edo atzeratu ahal izango dute lurraldeetako agintari eskudunek, baina inoiz ez kendu.

Lurralde batetik bestera mugitzeko debekua ezartzeko aukera ere eman dute. Horrela, lurralde bakoitzak sarrerak eta irteerak mugatu ahalko ditu; justifikatutako kasuetan bakarrik baimenduko dituzte sarrera-irteerak, adibidez, medikuarenera, eskolara edo lanera joateko. Biltzeko eskubidearen inguruan Espainiako Gobernuak azaldu du, bizikideen kasuan izan ezik, sei lagunek izango dutela gehienez biltzeko aukera. Neurriok 15 eguneko epean bete beharko dira momentuz.

Hego Euskal Herriko agintariek –Maria Txibitek eta Iñigo Urkulluk–, esaterako, alarma egoera ezartzeko eskaera egin zioten Sanchez Espainiako presidenteari, koronabirusaren hedapena saihesteko neurri murriztaileak beraien gobernuetatik zuzentzeko. Neurri murriztaile horiek ezarri ahal izateko, ordea, babes juridikoa behar dute lurralde bakoitzeko agintari eskudunek, alarma egoera kasu. Hori horrela, lurralde bakoitzeko agintariek egoera kudeatzeko eskuduntza izango dute. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko buruek erabaki propioak hartzeko aukera izango dute, beraz.

Maiatzera arte?
Pandemia garaiko bigarren alarma egoera hau ez da martxoan bezainbesteko gogorra izango, ez baitute etxeratze agindu osorik eman. Espainiako Gobernuak hartu dituen neurriak 15 egunetan bete beharko dira, baina alarma egoeraren iraupena sei hilabetekoa izatea nahi du Espainiako Gobernuak, zehazki 2021. urteko maiatzaren 9ra arte.

Espainiako Gobernuak alarma egoera luzatu ahal izateko ez du nahi bi astetik behin Kongresuan bozketa egitea, eta horregatik, gaurko dekretuan jaso dute alarma egoera epe luzean indarrean edukitzeko beharra. Hala eta guztiz ere, Espainiako Gobernuak 15 eguneko alarma egoera ezarri ahal izango du momentuz gaur onartu duten dekretuarekin. 15 egun pasa ondoren, Espainiako Kongresuak bozketa bidez onartu beharko du Gobernuaren proposamena. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak azaldu du bozketa datorren astean egitea aztertuko dutela asteartean egingo duten Ministroen Kontseiluan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide