[ARGAZKIAK] 900 herritarrek eman dute izena baheketa selektiboko lehen egunean

Maria Maya Manterola | Juan Luis Romatet 2020ko urr. 26a, 18:26

Baheketa selektiboko lehen saioa egin dute gaur arratsaldean Aitzuri frontoian. 13 eta 40 urte bitarteko 3.000 lagun deitu dituzte, eta lehen egunean 900 herritarrek eman dute izena. Asteazken arratsaldera arte egingo dituzte probak.

Koronabirus kasuen igoerak argi gorri guztiak piztu ditu Zumaian. Egunean bat, bi edo hiru kasu izatetik, 20tik gorako zenbakietara pasa da herria hamar eguneko bueltan. Azken datuen arabera, 46 kasu positibo zenbatu ziren herrian ostiraletik igandera bitartean, eta 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko intzidentzia tasa 1.500era heldu zen.

Egoeraren jakitun, 13 eta 40 urte arteko herritarrei zuzendutako baheketa selektiboa antolatu du Osakidetzak. Gaur arratsaldean egin zen lehen saioa, eta asteazkenera bitartean 3.000 zumaiar daude deituta PCR probak egitera –kontutan hartu behar da 13 urtetik gorako ikasleek ikastetxeetan bertan egingo dituztela probak–. Zumaiako osasun zentrora (943-00 64 90) edo Osasun Aholkuaren telefono zenbakira (900-20 30 50) deitu behar dute herritarrek izena emateko, eta Osakidetzako arduradunek esandakoen arabera goiz partean eskaerak erantzun ezinik izan dira. 900 lagunek eman zuten izena lehen egun honetan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide