Aurreko olatuak ez zuen hain gogor jo Zumaia, baina bigarren honek ederki astindu du herria.
Arazo askorik gabe denbora bat generaman, uda ere ondo pasa dugu, baina lehengo astetik hona kasuak ugaritu egin dira. Momentu honetan [intzidentzia tasan] milatik gora gaude, eta baheketa baten erdian, egia esan. Hori da tokatu zaiguna eta horri egin beharko diogu aurre.
Espero al zenuten halako indarra izango zuenik?
Espero, espero genuen udazkenean etorriko zela beste olatu bat. Ikusten genuen aldameneko herrietan gertatzen ari zela eta pentsatzen genuen, zer esango dizut ba, agian libratuko ginela udan bezala. Baina ez, oso osorik harrapatu gaitu, eta inguruko herrietan bezala kasuak gorantz doaz.
Baheketa bat egiten ari dira Zumaian. Agian asintomatikoak detektatzeko izango da baliagarria.
Hala adierazi digute Osakidetzatik. Asintomatiko gehien dagoen adin tartea 13 eta 40 urte artekoa dela esan digute. Honen helburua hori da. Sintomak dituztenak bide arruntetik joango dira, anbulatoriotik, eta baheketa hau asintomatikoak aurkitzeko egin da.
Olatu baten gainean gaude. Non egon da akatsa? Zein izan da arazoa?
Arazoa baino, ikusten zen halako birusek udazkenean gorakada izaten dutela. Horretaz aparte, dirudienez koronabirusa airean geratzen da, eta jende pilaketak daudenean erraztasun handiagoa dago bata bestea kutsatzeko. Gehienbat lagunen eta familiartekoen bilkuratan izan da kutsatze gehien. Azken aste hauetan kutsatzen ugari izan dira. Azken finean, Euskal Herrian gauzak horrela ospatzen ditugu, eta behin kutsatze bat dagoenean inguruan zabaltzen da.
Udalak dagoeneko neurri batzuk hartu ditu eta, adibidez, kultur eta kirol ekitaldiak eten ditu. Beste neurririk hartu al dezake?
Jaurlaritza gaur [atzogatik] aterako da beste neurri batzuk iragartzera. Ez dakit guk zer gehiago egin genezakeen. Gure aldetik, behintzat, instituzio bezala, ikastaro batzuek eten ditugu, garbiketa eta desinfektazioa areagotu dugu, protokoloak berriro begiratu ditugu... Alde horretatik egin beharrekoak egin ditugu. Beste instituzioetatik egin beharko da beste esfortzu bat, beste bultzada bat. Ezin da dena herritarren bizkar gainean utzi.