Autismoa duten haurren autonomia sustatzeko piktogramak margotu dituzte zebrabideetan

Juan Luis Romatet 2020ko urriaren 27a

Argazkia: Zumaiako Udala

Urdin koloreko ikurrez margotuta agertu dira Zumaiako zebrabideak azken egunotan. Espektro Autistaren Nahasmendua duten pertsonen autonomia laguntzeko asmoz margotu ditu udalak gune horiek, Tevial eta Gautena elkarteekin elkarlanean.

Udalak azaldu duenez, autismoa duten haurren gurasoen taldeak luzatu zuen proposamena. Behin aztertu ondoren, ontzat eman zen eta udal brigadak margotu ditu piktograma horiek. Antonella Ievaren arabera, irudi hauen bitartez beraien haurren autonomia sustatuko da. “Semaforoetan euskarri bisual bat dute gure seme-alabek, baina semafororik ez duten zebrabideetan, askotan, galdu egiten dira”. Autismoa duten haurren guraso taldeko kidea da Ieva, eta pasa den astean egin zen ekitaldian elkarteko beste guraso batzuek ere izan ziren. Hala nola, Monica Mora, Leire Baraibar, Mohamed Dahou eta Ikean Abatui

Ievaren esanetan, autismoa duten zenbait haur “ikusmenagatik gidatzen dira, entzumenarekin baino gehiago”. Hori horrela izanik, autismoa duten haurrak seinale edo abisuak "piktogramen bidez errazago ulertzen dituzte", adierazi du Mohamed Dahouek.

Leire Baraibarren arabera, “gainontzeko haurrentzat ere positiboa da piktogramen ekarpena, komunikazio-modu erazagoa delako”. Azken finean, pertsona guztien irisgarritasuna bermatzeko pausua dela uste dute programa honen sustatzaileek, hizkuntza ezagutzen ez duten pertsonentzat, haur eta adinekoentzat edo adimen urritasuna dutenentzat ere komunikazio-metodo egokia izanik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide