Atzo goraka, eta gaur ere bai. Osakidetzak eman dituen azken datuen arabera, 68 positibo berri atzeman dituzte Urola Kostan azken orduetan egindako PCR eta antigeno probetan. Aurreko egunean 50 kasu izan ziren; 18 gehiago oraingoan, beraz. Kasu gehien, 24, Azpeitian atzeman ditutze. Aurreko egunarekin alderatuta, igoera nabarmena egon da, bederatzi baitziren orduan. Gainerako herrietan antzeratsu daude datuak: hamalau kasu Zumaian (bezperan ere bai), hamabi kasu Zarautzen (bezperan hamar), seina kasu atzeman dituzte Azkoitian eta Zestoan (bezperan bederatzi eta hiru, hurrenez hurren), bat Errezilen (bezperan bi), bi Getarian (bezperan bezala), eta hiru Orion (bezperan kasu bakarra).
Aste hasieratik bikoiztu egin dira eskualdeko positibo kopuruak, astelehenan 34 baitziren.
Koronabirusaren intzidentziak handia izaten jarraitzen du Gipuzkoan, eta gorri kolorea da nagusi 5.000 biztanletik gorako herri gehientsuenetan. Tartean dira Zumaia –1.811,70 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko positiboen kopuru metatuaren tasa–, Azpeitia –1.647,29– eta Azkoitia –1.126,03–. Zarautzen, berriz, azken egunetan gora egin du kutsatu kopuruak, eta Osakidetzak asteartean kaleratu zuen COVID-19aren inguruko txostenean kolore laranjarekin agertu zen aurreneko aldiz. Dena den, 5.000 biztanletik behera baditu ere, azken bi asteetako positibo kopurua tarteko, eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena duen herria Errezil da: 4.936,31.
Bestalde, ikusteko dago Zumaian egiten ari diren baheketa selektiboak zer emaitza ematen dituen. Gaur arratsaldean egingo dizkiete azken probak 13 eta 40 bitarteko herritarrei. Denera 3.000 zumaiar inguru zeuden deituta proba egitera, eta aurreneko egunean 900 herritarrek erantzun zioten deiari. Oraingoz, Osasun Sailak ez du zehaztu herri horri buruz eman diren datuetan baheketako emaitzak gehitu dituzten ala ez.
Jaurlaritzak kaleratu dituen datuen arabera, Gipuzkoan zenbatu dituzte kasu gehien azken orduetan: 511 (bezperan 413). Bizkaian, 500 kasu detektatu zituzten (bezperan ), eta Araban 143 (bezperan 86). Alde handiarekin, hiru lurralde horietako intzidentzia tasa altuena izaten segitzen du Gipuzkoak, azken hamalau egunetako datuak kontuan hartuta. Izan ere, lurralde horretan, 100.000 biztanleko 811 pertsona kutsatu dira azken bi asteetan (Bizkaian 478 eta Araban 393). Guztira 15.509 proba egin zituzten, eta 1.164 lagunek eman zuten positibo COVID-19 birusaren proban.
Atzo ospitaleratu zitutzen lagunen kopuruak antzeratsu jarraitzen du –ZIUn 75 lagun zeuden atzo, 71 aurreko egunean–. Guztira, 405 pertsona daude hiru lurraldeetako erietxeetan ospitaleratuta.