Amaitu da baheketa selektiboa Zumaian

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 28a, 21:15

(Maria Maya Manterola)

Zumaian 3.000 lagun zeuden proba egitera deituta, baina Osakidetzak oraindik ez du jakinarazi horietatik zenbat bertaratu diren Aitzuri frontoira azkeneko hiru egunetan. Atzo Zumaian hamalau positibo berri atzeman zituztela azaldu badu ere, ez du argitu zenbaketa horretan baheketa selektiboko emaitzak gehitu dituen edo ez.

Bukatu da Zumaiako baheketa selektiboa. Astelehenetik gaurko egunera bitartean egin dituzte COVID-19a detektatzeko probak Aitzuriko frontoian, eta orotara, 13 eta 40 urte bitarteko 3.000 lagun zeuden bertaratzera deituta. Aurreneko egunerako 900 pertsonak eman zuten izena, baina Osakidetzak oraindik ez du aditzera eman zenbat proba egin dituzten guztira.

Ilararik ez da izan baheketako azkeneko arratsalde honetan, eta lasaitasuna izan da nagusi Aitzurin. 19:30ean emango dute amaitutzat baheketa selektiboa.

Bestalde, ohi bezala, Osasun Sailak egunotan ere argitaratu du zenbat positibo berri atzeman dituen Zumaian egun bakoitzean. Gaur-gaurkoz, atzo egindako probei lotutakoak dira jakinarazi dituen azkeneko emaitzak. Azken datuen arabera, beraz, atzoko probetan hamalau kasu berri zenbatu zituzten herrian, beste hamalau asteleheneko probetan, eta beste 46 aurreko ostiraletik igandera bitartean.

Dena den, oraindik ez du argitu kaleratutako datu horietan baheketako emaitzak gehitu dituen edo ez. Laster berri gehiago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide