Gipuzkoako Foru Aldundiak egunero ematen ditu adineko egoitzetako datuak koronabirus kasuei dagokienez. Azken hilabeteetan Zumaiako egoitzetan ez dute kasurik atzeman, gaur arte. Azken orduetan, izan ere, Otezuri egoitzan bizi den adineko pertsona batek eman du positibo COVID-19aren proban.
Datozen egunetan ikusiko da kasu isolatua izan den, ala agerraldiren bat dagoen egoitzan.
Hango zuzendari Lierni Santamariak maiatzean hitz egin zuen BALEIKErekin. Egoitzan lehen kasuak agertu zirenetik egindako ibilbidea eta emandako pausoak izan zituen hizpide, eta azaldu zuen lortu zutela birusa zeharo kanporatzea egoitzatik. Izan ere, martxotik maiatzera Gipuzkoako egoitzetan heriotza asko zenbatu ziren koronabirusarekin lotuta.
Hiru hilabetez isolatuta egon ondoren, ekain hasieran baimendu zuten agintariek egoiliarrak bisitatzeko aukera adineko egoitzetan.