Hilerrira joateko argibideak eman ditu udalak

Juan Luis Romatet 2020ko urriaren 29a

Santu Guztien Eguna da igandea, eta, ohikoa den bezala, herritarrek hilerrira hurreratu nahiko dute senitartekoei eta lagunei lore sortak uztera. Aurten, ordea, pandemia dela eta, neurri bereziak hartzea eskatu du udalak. 

Herritar ugari gerturatzen da kanposantura bertan hilobiratutako senitartekoak eta lagunak bisitatu eta lore sortak jartzera. Pandemiaren bigarren olatuan murgilduta gauden honetan, zenbait gomendio eman ditu Zumaiako Udalak.

  • Bisitak astean zehar egitea gomendatzen da, arrisku taldetakoak diren herritarrei bereziki
  • Hilerrira bisitak, gehienez, sei pertsonako taldeetan egin ahal izango dira
  • Sarrera eta irteerak zehaztuta egongo dira, eta horietan gel desinfektatzaileak egongo dira
  • Bisita laburrak egitea gomendatzen da, ordu erdi ingurukoak gehienez
  • Hilerri barruan jatea eta erretzea debekatuta egongo da
  • Covid-19ari lotutako osasun neurri orokorrak bete beharko dira:
      • Pertsonen arteko distantzia gorde beharko da, gutxienez 1,5 metrokoa
      • Uneoro maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da hilerrian ere, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere
      • Covid-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonek etxean egon beharko dute, eta beraz, ezin izango dute hilerrira joan

Gogoratu behar da, baita ere, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien ondorioz, ezingo dela joan mugakide ez diren udalerrietako hilerrietara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide