Urriaren 23an hartutako erabakiak dekretu eta irizpide berrietara egokitzeko bildu da gaur udaleko aholku mahaia, jakinda jaurlaritzak ezarritako neurriak eta irizpideak aste hasieran aldatu zituela. norberaren herritik ateratzeko debekuarekin eta etxeratze aginduarekin batera, herri barruko jardueran irizpideak leundu ditu.
Herriko espazioetako protokolak eta neurriak errepasatu dituzte goizean, eta "beharrezko egokitzapenak egin eta gero", pasa den astean etendako jarduerak eta zerbitzuak berriro martxan jarriko ditu datorren astelehenetik aurrera.
Honakoak dira hartutako erabakiak, azaroaren 2tik aurrera aplikatuko direnak:
-
Kultur eta kirol ikastaroak eta Musika Eskolako jarduerak berriro ere martxan jartzea, taldekakoak barne. Horietan dekretu berriak ezarritako neurri eta protokoloak (taldeko partaide kopurua, maskararen erabilera...) zorrotz beteko dira.
-
Kultur programazioari berriz ekitea eta zinema irekitzea. Datorren astelehenetik aurrera agenda kulturala martxan egongo da. Kultur ekitaldietako protokolo zorrotzak jarraitu ditu orain artean Udalak, baina beste hainbat neurri hartuko ditu: sarrera-irteeretan neurriak zorroztuko dira eta, antzezlanen kasuan, sarrerak aurrez hartu beharko dira, turismo bulegoan. Orain artean bezala, %50eko aforoa izango da ekitaldi horiek guztietan.
-
Liburutegian protokoloa zorroztea. Ikasgela zabalik egongo da, eta mailegu zerbitzua egongo da, baina herritarrek ezin izango dute apalategietara joan. Gainera, ordenagailu bakarra egongo da erabilgarri, eta ezin izango dira egunkari edo aldizkariak irakurri.
-
Ludoteka eta Gaztelekua irekitzea. Datorren astelehenetik aurrera egongo dira zabalik, Gipuzkoako Foru Aldundiari zerbitzuok irekitzearen inguruko kontsulta egin ostean. Orain arteko funtzionamendu eta protokoloarekin jarraituko da horietan.
-
Herriko elkarteekin lanketa egiten jarraitzea. Herriko kultur eta kirol elkarteekin harremanetan dago Udala, beraien jardueretan egon daitezkeen hutsune edo arrisku-momentuak identifikatu eta horren araberako neurriak hartzeko.
-
Algorri Interpretazio Zentroko bisitarik ez egitea, herrien arteko mugikortasun debekuak irauten duen bitartean.