Lourdes Osa: "Herri txikietan eusten diote loreak jartzeko ohiturari"

Juan Luis Romatet 2020ko urriaren 31

Santu Guztien Eguna da bihar, eta ohiturari jarraituta herritar ugari hurreratuko da beraien senitartekoen eta lagunen hilobian lore sorta bat uztera. Zumaiako Basusta Loradendan ohikoan baino lan gehiago egiten dute garai honetan. Horri buruz galdetu diogu dendako arduradun Lourdes Osari.

Pandemiaren bigarren olatuaren erdian ospatuko da egun hau. Aurten, inguruko herrietako bezero askok Zumaiara etorri ezingo dutenez, Eusko Jaurlaritzako dekretuak hala behartuta, loradendako langile beraiek eraman beharko dituzte loreak bezeroen etxeetara.

Lanez gainezka izango zarate urteko garai honetan...

Urteko garai garrantzitsuenetakoa da guretzat. Amaren egunaren ondoren, hau izango da guretzako egunik handiena. Urte guztiak ez dira berdinak izaten, baina fakturazio aldetik urteko handienetakoa dela bai.

Beraz, ohiturak mantentzen dira.

Ohiturak mantentzen dira, bai. Oraindik ere herri txikietan jendeak eusten dio ohitura hauei. Lore zentro naturalak dira gehien eramaten dituztenak; landareak ere bai, etxekoak zein kanpoko landare naturalak, eta kopuru txikiagoan landare artifizialak.

Pandemia gainean dugu. Eraginik izan al du salmentetan?

Jaitsiera baino gehiago ezegonkortasuna dago. Jendeak zalantza handiak ditu, dekretu berri honekin lore bila etorri daitezkeen edo ez. Mugikortasuna ere asko murriztu dute. Galdera asko daude, egun aldaketa asko. Nolabait ere ari gara poliki-poliki egokitzen egoera berri honetara.

Zeuen kasuan herritik herrira mugitzea duzue, jarduera ekonomikoa izanda.

Mugitu gaitezke, baina zailagoa da. Mugak daude; bertara, dendara, etorri nahi duen jendeak ere mugak dituzte. Horri erremedioa jarri behar diogu eta egoerara moldatu gara

Nola ikusten duzu bizi dugun egoera?

Orokorrean, zaila. Orain bertan alarma egoeran egun gutxi daramazkigu, eta ez dakigu zenbat luzatuko den. Ezegonkortasuna dago sektorean, zalantza handiak daude, pixka bat denon artean bezala.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide