Ia beste seiehun positibo zenbatu dituzte Gipuzkoan

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 31a, 14:38

Egun bakarrean 2.086 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun baino gehiago, eta Nafarroan gutxixeago.

Gaurkoan ere datu kezkagarriak argitaratu ditu Osasun Sailak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 16.847 froga egin zituzten atzo —PCR eta antigenoen probak batuta— eta horietatik 1.502k eman zuten positibo; proba egin zuten herritarren %8,9k, hain zuzen. Herengungo datuak baino okerragoak dira atzokoak: orduan 16.237 PCR eta antigeno proba gauzatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta 1.325 positibo atzeman zituen, alegia, probak egin zituzten herritarren %8,2k eman zutela positibo.

Egoerak okerrera egin du hiru lurraldeetan. Bizkaian zenbatu dituzte positibo gehien, 688, bezperan baino 83 gehiago; 596 atzeman dituzte Gipuzkoan, bezperan baino 26 gehiago; eta 203 izan dira Araban, bezperan baino 63 gehiago.

Hiru lurralde horietan COVID-19a zuten 81 lagun ospitaleratu zituzten atzokoan, eta, orotara, 92 lagun daude Zainzketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), bezperan baino zortzi gehiago.

Asteburua izenik, Osasun Sailak gaur ez du herriz herriko daturik eman.

Nafarroan, zertxobait jaitsi egin da positibo berrien kopurua: 584 zenbatu zituzten atzo, eta 637 izan ziren herenegun. Laurehun lagunetik gora daude ospitaleratuta, eta horietako 50 bat ZIUn. Presazkoak ez diren ebakuntzak atzeratzen hasi dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide