Positiboen kopuruak gorantz egin du beste egun batez Gipuzkoan

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 1a, 14:07

Pandemiaren olatuak ez du atsedenik ematen Gipuzkoan. Beste 587 kasu zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lurraldean. Araban eta Bizkaian jaitsi egin da positibo kopurua bezperako datuekin alderatuta, baina egindako probak ere gutxiago izan dira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez ditu herrietako datuak ematen asteburuan; bai, ordea, lurraldeetakoak. 1.151 kasu positibo izan ziren atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 351 gutxiago (1.502 kasu izan ziren ostiralean). Kontuan hartu behar da PCR eta antigenoen proba gutxiago egin zituela atzo Osasun Sailak hiru lurraldetan: 12.061 atzo, eta 16.847 herenegun.

Gipuzkoako datuek kezkagarriak izaten jarraitzen dute. Gaur eguerdian emandako datuen arabera, beste 587 positibo zenbatu zituen Osasun Sailak atzo lurraldean, herenegun baino bederatzi gutxiago. Araban eta Bizkaian behera egin dute kasuek: 97 positibo eman ziren Araban –203 herenegun–, eta 451 Bizkaian –688 bezperan–.

Ospitaleratuei dagokionez, beste 47 lagun ingresatu zituzten atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan. ZIUn berriz, 97 pertsona zeuden atzo, bezperan baino bost lagun gehiago. 

Nafarroako egoerak ere kezka sortzen du. Beste 580 positibo izan zituzten atzo, eta, larriagoa dena, bost heriotza. Beste 47 lagun ospitaleratu zituzten, eta ZIUn beste lau pertsona ingresatu. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide