Osasun Sailak eman berri ditu ostiraleko, larunbateko eta igandeko PCR eta antigeno proben datuak. Gipuzkoako datu okerrenetarikoak eman ditu Zumaiak: 36 kasu positibo detektatu dituzte, eta intzidentzia tasa 1.954,20koa da. Eskualdean, berriz, beste 135 kasu zenbatu dituzte. Gehienak Zarautzen atzeman dira, 52, eta hala, gainditu egin du 100.000 biztanleko 500 positiboren tasaren langa.
Orion kolore horitik laranjara pasatu dira, 100.000 biztanleko 362,98 positiborekin, azken datuen arabera. Mutrikurekin batera, herri bakarra da 5.000 biztanle baino gehiago eduki eta kolore gorriz ageri ez dena intzidentzien mapan (hamalau eguneko datu metatuetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituztenak daude eremu gorrian).
Oro har beheranzkoa da joera, ordea. Azpeitian 31 kasu berri egon dira hiru egunetan, gehienak ostiralean (24), eta intzidentzia altuak jarraitzen du; 1.521,09ekoa da, hain zuzen. Dena den, beste egun batzuekin alderatuta, behera egin du positibo kopuruak. Aurreko asteburuan, esaterako, 59 izan ziren positiboak. Antzera gertatzen da Azkoitian: 20 positibo egon dira guztira (aurreko asteburuan 38 izan ziren), baina tasa 1.201,10ekoa da oraindik. Hala, gorriz margotuta jarraitzen dute bi herri horiek, eta baita Zumaiak eta Zarautzek ere.
Eskualdeko gainerako herriei dagokienez, Aian bost positibo atzeman ditu Osakidetzak asteburuan, Aizarnazabalen hiru, Errezilen bi, Getarian bederatzi, Orion zazpi, eta Zestoan sei. Beizaman ez dute oraindik koronabirus kasurik atzeman.
Hego Euskal Herrian ere behera egin zuen atzo positiboen kopuruak. Ostiralean PCR eta antigeno proba gauzatu zuten herritarren %8,7k eman zuten positibo, zapatuan %9,3k eta igandean %6,9k. Beraz, nabarmena da positibo kopuruaren jaitsiera, baina ezin da zehaztu joera edo salbuespena den. Esaterako, Gipuzakoan 368 positibo izan ziren atzo, eta larunbatean, berriz, 587. Bestalde, Araban 64 kasu berri atzeman zituzten atzo eta Bizkaian 520; hiru lurraldeak batuta 952 kasu berri agertu ziren 12.452 test eginda. Larunbatean 1.151 kasu atzeman zituzten hiru lurralde horietan. Nafarroan 525 kasu berri zenbatu zituzten atzo, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Larunbatean 580 kasu atzeman zituzten, eta egoerak oso larria izaten jarraitzen du lurralde horretan.
Ospitaleetako egoeran ere jarri beharra dago azpiarra. Izan ere, azken egunetan asko hazi da ospitaleratzeen kopurua. Aurreko igandean 392 pertsona bazeuden ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta atzo 469. ZIUn, berriz, 76tik 104ra igo dira astebeteko epean zerbitzu hori behar izan duten pertsonen zenbatekoa. Nafarroakoako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak argitaratu oraindik.