Asteburuan edukiontziak erre izana gaitzetsi du udal elkarteak

Iñigo Gaiton 2020ko azaroaren 3a

Amaiako plazako edukiontzia sutan, joan den ostiraletik larunbaterako gauean. (Udaltzaingoa)

UKUEk adierazpena eman du argitara, eskualdeko udalen babesarekin, asteburuko gertaerak gaitzesteko. Zehaztu dutenez, 11.000 euro inguruko kalte materialak eragin dituzte suteek.

Urola Kostako Udal Elkarteak adierazpena eman berri du argitara, eskualdeko udalen babesarekin, asteburuan Zarautzen eta Zumaian izan diren gertaerak gaitzesteko. Izan ere, hamaika edukiontzi erre dituzte denera bi herrietan, izurritearen kontrako azken osasun neurrien aurrean haserrea adierazteko.

UKUEren adierazpenak zehazten duenez, suteek 11.000 euro inguruko kalte materialak eragin dituzte, eta edukiontziez gain herritarren autoak ere kaltetuak izan dira. Gainera, oharrak dio "bizilagunen segurtasuna ere arriskuan" jarri dutela kaleko ekintza horiek, eta hori "onartezina" dela.

"Oso kontziente gara bizi dugun egoera latzaz, baina orain inoiz baino gehiago errespetatu behar dugu elkar, eta COVID-19ak eragindako egoera honetatik ateratzeko ezarritako arauak zaindu behar ditugu", eman du jakitera udal elkarteak adierazpenean.

Osasun krisiaren aurrean, norberaren burua zaintzea bezain garrantzitsua da ingurua ere zaintzea UKUErentzat, eta, horregatik, "guztiz salagarria eta onartezina da horrelako jarduerak egitea, guztion segurtasuna arriskuan jartzen baitute, eta, batez ere, errespetu eta bizikidetza arauak hausten dituztelako".

Horregatik, UKUE osatzen duten herri eta alderdi politiko guztiek asteburuko ekintzak irmoki salatzen dituztela adierazi dute. "Horrelako ekintzek zuzenean herritarrok kaltetzen gaituzte, bai ekonomikoki eta baita sozialki ere".

Bukatzeko, kaltetu zuzenak izan diren herritarrei elkartasuna adierazi nahi izan diete.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide