Sei kasu gehiago zenbatu ditu Osasun Sailak Zumaian

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 5a, 14:11

Intzidentzia tasarik altuena Zumaiak duen arren (1.770,99), Azkoitian eta Zarautzen atzeman dituzte positibo berri gehien. Gaur arratsaldean bilera du Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak (LABI), eta litekeena da horren ostean Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile gehiago iragartzea.

Gaurkoan ere datu kezkagarriak kaleratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Eskualdean beste 66 lagunek eman dute positibo; herenegun baino 11 gutxiago dira, baina, hala ere, asko. Beizaman eta Aizarnazabalen izan ezik, beste herri guztietan atzeman dituzte kasu berriak.

Azkoitian zenbatu dituzte positiborik gehienak, 23, aspaldiko gehien. Joan den astean positibo berrien kopurua pixka bat apaldu zen herri horretan, baina azken hiru egunotan asko hazi da berriz ere. Astelehenaz geroztik, 54 zenbatu dituzte; eta azken astean 84 izan dira. Horrenbestez, hamalau eguneko intzidentzia tasa altua da: 100.000 laguneko 1.434, 65.

Zarautzen ere okerrera egin du egoerak. Azaroaren 2an 100.000 laguneko 500 positiboren langa gainditu zutenetik, asko hazi da positibo berrien kopurua. Atzo beste hamasei atzeman zituzten, eta horiekin, 103 dira astebetean zenbatu dituztenak. Horrenbestez, 729,58ko intzidentzia tasa dute han.  

Azpeitian, hamar positibo berri hauteman zituzten atzo, herenegun baino 11 gutxiago. 92 dira azken astean herri horretan zenbatu dituztenak. Ondorioz, 1.414,81eko intzidentzia tasa dute; urriaren 29tik apaltzera egin du (1.653), baina oraindik ere oso altua da.

Dena dela, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietan, oraindik ere Zumaiak du intzidentzia tasarik handiena: 1.770,99. Egia da herrian baheketa selektiboa egin zutenetik positibo berrien kopuruak apaltzera egin duela, baina atzokoan ere sei atzeman zituzten, eta 71 izan dira astebetean zenbatu dituztenak.

Orion ere semaforo gorria piztuta dute, 557,46ko intzidentzia tasarekin. Atzo beste bost kasu baieztatu zituen Osasun Sailak, eta, orotara, 23 zenbatu ditu astebetean. 

Horiez gain, Getarian eta Zestoan bina positibo atzeman zituzten atzo, eta Errezilen eta Aian bana.

1.874 positibo, Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko datuak ez dira itxaropentsuagoak: 1.874 positibo baieztatu zituzten atzo. Horietatik gehienak, Gipuzkoan atzeman zituzten, 671, bezperan baino 41 gehiago. Bizkaian 621 izan ziren —bi gutxiago—, 413 detektatu zituzten Nafarroan —73 gehiago—, eta 152 Araban —11 gehiago—.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 14.668 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo eta horietatik 1.461 izan ziren positiboak. Horrek esan nahi du proba egin zuten herritarren %10ek eman zutela positibo. Nafarroan, berriz, %9,5ekoa da positibitate tasa; 4.359 proba egin zituzten atzo, eta 413k eman zuten positibo.

Erietxeetako egoerak ere okerrera egin du. Atzo 76 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, guztira, 573 dira erietxeetan daudenak; bezperan baino hamasei gehiago. Horietatik 111 ZIU Zainketa Intentsiboen Unitatean daude; bezperan baino lau gehiago.

Nafarroako erietxeetako egoeraren inguruko daturik oraindik ez du eguneratu hango gobernuak.

LABIren bilera, gaur arratsaldean

Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak (LABI) egoeraren azterketa egiteko bilera du gaur arratsaldean, eta oso litekeena da horren ostean neurri murriztaile berriak iragartzea Eusko Jaurlaritzak. Gaur goizean Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiria elkarrizketatu dute Euskadi Irratian, eta ez du zehaztu zein aldaketa proposatuko dituzten bilera horretan; esan du xedea izango dela ororen gainetik «egoerarik arriskutsuenak» eragoztea. Gogorarazi du, adibidez, toki «itxietan» sarri zaila izaten dela aireztapen neurri egokiekin jardutea eta pertsonen arteko distantzia egokiak bermatzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide