Ostalaritza sektoreak manifestaziorako deia egin zuen gaur eguerdirako, Eusko Jaurlaritzak agindutako azken neurrien aurrean haserrea adierazteko. Atzo, larunbatarekin, indarrean sartu zen tabernak eta jatetxeak ixteko agindua, eta horrek sumindura eta egonezina sortu ditu sektoreko langileengan.
Hala, gaur eguerdian Zumaiako kaleak bete dituzte ehunka lagunek, eta manifestazio jendetsua egin dute Beheko plazatik abiatuta. Herrian buelta egin eta gero, toki berean bukatu dute elkarretaratzea.
Mobilizazioan emozioz beteriko uneak izan dira, eta manifestariek indarrez errepikatu dituzte zenbait aldarri; "Ostalaritza bizirik!" izan da errepikatuena. Tartean, ostalariek esker oneko oihuak ere egin dituzte herritarren babesa eskertzeko. Txalo zaparrada luzearen ondoren, "Gora herria!" aldarriarekin amaitu dute manifestazioa.