Hamabi kasu positibo zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Zumaian ostiraletiik igandera bitartean. Zazpi kasu izan ziren ostiralean, bi larunbatean eta hiru igandean. 37 kasu izan dira azken zazpi egunetan. Datu hauekin, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 1.343,51ra jaitsi da. Oraindik ere eskualdeko handiena da, Errezilen ondoren, baina kontuan hartu behar da orain astebete eskas bi milatik hurbil zegoela.
Orotara, positiboen kopuruak beherantz egin du Hego Euskal Herrian, baina datuek oraindik ere kezkagarriak izaten jarraitzen dute. Urola Kosta eskualdeari dagokionez, beste 154 kasu izan dira hiru egun hauetan. Eskualdea osatzen duten 11 herrietatik bederatzitan detektatu dituzte positiboak. Aian eta Beizaman bakarrik ez dituzte kasurik izan asteburu honetan.
Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien: 49 guztira (hogei ostiralean, bederatzi larunbatean eta beste hogei igandean). 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu positibo metatuen tasa milatik behera jarraitzen du –836,87an dago gaur egun–, baina azken aste honetan gorantz egin du etengabe, eta argi gorriak piztuta daude.
Azpeitian ere ez dute lasai egoteko arrazoirik, ostiraletik igandera bitartean beste 37 kasu ezagutu dituztelako; igandean bakarrik 22 kasu izan zituzten. Kasu metatuen tasa 1.222,19koa da asteburuko datu hauen ondoren. Azkoitian, berriz, beste hogei kasu atzeman dituzte asteburuan, eta intzidentzia tasa Azpeitikoaren antzerakoa da: 1.292,85ekoa, hain zuzen ere.
Kezkagarria da Orion asteburu honetan izandako positibo kopurua: hiru egun hauetan hemeretzi kasu detektatu dituzte herrian eta, ondorioz, kasu metatuen tasa milatik hurbil jarri da (940,44). Eskualdeko beste herri batzuetan ere izan dituzte positiboak. Getarian beste zazpi kasu izan dituzte ostiraletik igandera bitartean, sei Zestoan, hiru Errezilen eta bat Aizarnazabalen. Esan bezala, Aian eta Beizaman ez dute kasurik izan hiru egun horietan.
Kasuak behera Hego Euskal Herrian
Pasa den asteko zenbakiekin alderatuta, positiboen kopuruak beherantz doa Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3.867 kasu izan dira asteburuan. Ostiralean 1.444 positibo izan ziren, baina kopurua bi egun geroago 1.178ra jaitsi zen. Hiru egun hauetan 38.000tik gora PCR eta antigeno proba egin dira hiru lurralde hauetan. Datu hauen arabera, 508 pertsona zeuden atzo Osakidetzako ospitaletako plantan. Gora egiten jarraitzen duena ZIUn dauden pazienteen kopurua da: 130 lagun zeuden atzo ZIUn Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Nafarroako Foru Gobernuak ez du oraindik asteburuko datu ofizialik plazaratu, baina atzo 183 kasu positibo izan zirela aurreratu dute. Irailaren hasieratik izandako kopuru txikiena da. Beraz, badute Nafarroan arnasa hartzeko aukera.