Beste bost positibo izan ziren atzo Zumaian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuek aditzera eman dutenez. Birusak gure artean jarraitzen du, baina, behintzat, kutsatuen kopurua ez da orain bizpahiru aste herrian genuena. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa ere badoa pixkanaka beherantz. Atzoko datuen arabera, 1.238,87ko tasa du Zumaiak.
Positibo kopuruak gora egin du beste behin Urola Kostan: igandean gauzatutako PCR eta antigeno probetan 63 kasu atzeman zituen Osasun Sailak, eta atzokoan, berriz, 84 positibo. Azpeitian (26), Azkoitian (21) nahiz Zarautzen (21) atzeman zituzten kopuru altuenak, baina beste hainbat herritako biztanleek ere eman dute positibo probetan: Zumaian eta Zestoan bosnak, Orion lauk eta Errezilen zein Getarian banak.
Eskualdeko herri gehienek 100.000 biztanleko 500 positiboren langa gaindituta dute gaur egun: semaforo gorrian, milatik gorako intzidentzia tasarekin dira Azpeitia, Azkoitia eta Zumaia; eta Orio eta Zarautz 800eko tasatik gora daude. Horrez gain, 5.000 biztanletik beherako herriak badira ere, positibotasun tasa oso altua dute Errezilek, Aizarnazabalek, Getariak eta Zestoak.
1.529 positibo Hego Euskal Herrian
Igandeko datuekin alderatuta, Hego Euskal Herrian berriz ere gora egin du positiboen kopuruak; izan ere, atzokoan, guztira, 1.529 positibo zenbatu zituzten, eta 1.360 herenegun. Araban, 110 kasu detektatu zituzten atzo, Bizkaian 631, Gipuzkoan 552 eta Nafarroan 219. Gainera, bizitokia lurralde horietatik kanpo duten beste hamazazpi lagunek ere eman zuten positibo.
Koronabirusa atzemateko gauzatutako proben kopuruak ere gora egin zuen atzokoan: aurreko egunean baino 2.681 proba gehiago egin zituzten, 16.949 zehazki. Hori horrela izanik, herritarrek %9,02k eman zuten positibo atzo.
Intzidentzia tasa hasi da behera egiten Nafarroan; 100.000 biztanleko 831 positibo detektatu zituzten atzo lurralde horretan. Gipuzkoak segitzen du intzidentzia tasa altuena izaten: 1.093 positibo 100.000 biztanleko. Bizkaian, berriz, 720 da positibotasun tasa, eta Araban 552.
Ospitaleratuen kopuruak gora egiten jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 91 lagun ospitaleratu zituzten, eta gaur-gaurkoz, 518 pertsona daude ospitaleratuta hiru lurralde horietako erietxeetan. Gainera, horietatik 135 lagun daude ZIUn. Nafarroako Gobernuak oraindik ez ditu jakinarazi ospitaleetako datuak.