Odol emaileak: "Zumaiako herria oso ondo ari da jokatzen, eta Gipuzkoako elkartetik hala aitortu digute"

Juan Luis Romatet 2020ko azaroaren 11

Urteko azken odol emate saioa egingo da gaur arratsaldean, Beheko plazako Gizarte zentroan (Hogarrean). Aurreko saioetan bezala, eta koronabirusak eragindako osasun krisialdiak hala behartuta, aurrez hitzordua eskatu beharko dute odol emaileek.

Osasun krisialdiak ere eragina izan du bi hilabetean behin Zumaian egiten den odol emate saioetan. Urteko azken saioa izango da gaurkoa, eta aurreko lauretan bezala –urtarrilekoa izan zen normaltasunez egin zen bakarra–, protokolo zehatz bat jarraitu beharko dute gaur arratsaldean Beheko plazara hurreratuko diren herritarrek.

"Martxoko saioan hasi ginen neurriak hartzen", gogoratu du Zumaiako Odol Emaile elkarteko kide Ruben Odriozolak. Lehen neurria hitzordua telefono bidez gordetzea izan zen. "Lehen ez zen hitzordua hartzen eta arratsaldean zehar nahi adina jende etortzen zen odola ematera. Sor zitezkeen jende pilaketak ekiditeko hasi ginen aurrez izenak hartzen", dio. Interesdunek  605 957 046 telefono zenbakira dei egin behar dute. "Izena hartu eta txanda bat ematen zaie, ordu jakin batekin. Hala, ez dute denbora askoan zain egon beharrik, eta zain egon behar badute, atarian egongo dira, ez barruan", azaldu du Odriozolak. Hori kontrolatzen elkarteko bi lagun izaten dira, bat goian bestea behean: batak besteari esaten dio zein doan gora edo zein behera, Hogarreko eskaileratan ez elkar gurutzatzeko.

Odol emaileak txandaka igotzen direla dio elkartekideak, "zazpi laguneko multzotan eta maskara jarrita". Bai behean bai goian gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzen dituztela ere gogoratu du. "Kalkuluak egin ditugu eta hogei minuturo zazpi lagun igotzen dira (zazpi esku ohe dituzte gelan). Pentsatzen dugu denbora horrekin nahikoa dela odola emateko eta mokadu bat jateko". Behin odola eman ondoren edaria eta mokadu txiki bat ematen diete bertaratzen direnei. Jan baino, ondo hidratatzearen beharra azpimarratu du Odriozolak. Hor ere aldaketak izan direla dio Odriozolak. "Lehen ogitartekoak guk geuk prestatzen genituen, baina orain [plastikoan bildutako] sandwich bana ematen diegu. Denak berdinak dira eta hala ez dute aukeratzen eta ukitzen egon beharrik". Edarietan ere izan dira aldaketak. "Medikuak hala eskatuta, alkohola emateari utzi genion orain denbora bat, eta ura eta freskagarriak ematen ditugu. Ura ere lehen botila handietan ematen genuen, edalontzietan. Baina orain, arriskuak ekiditeko, botila txikietan ematen dugu". Bestalde, ogitartekoa jaterako orduan sortzen diren taldeak ekidin eta behin sandwicha eta edaria hartu ondoren aulkietan esertzera gonbidatzen dituzte.

Espazioak aireztatzearen beharraz jakitun, Hogarreko gelako leihoak zabalik izaten dituztela dio Odriozolak. "Orain arte eguraldi epela izan dugu, eta leihoak zabal-zabalik izaten ditugu. Askotan, erizain berak esaten digu, bero egiten duenean, leihoak zabaltzeko". Erizain beraiek desinfektatzen dituzte esku oheak behin odol emaileak gela uzten duenean. 

Hainbeste ziurgabetasun dagoen garaian, zalantzak ere piztu daitezke: koronabirusean positibo eman duen norbaitek eman ahal dezake odolik? Odriozolak jakitera eman duenez, odola eman aurretik sendagile batek galdetegi bat egiten du. "Tentsioa eta odolak duen burdin maila hartzen ditu. Gero, galdera batzuk egiten ditu: ea gaixotasunik pasa duen, antibiotikorik hartzen ari den... Medikuak jakiten badu positiboa izan zarela ez hain aspaldi etxera bidal zaitzake". Koronabirusaren kasuan, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak protokoloa zehaztuta duela ere adierazi du. "Jasotzen diren odol poltsak berrogeialdian jartzen dituzte. Egun batzuetara odola eman duen norbaitek positibo ematen badu, haren odol poltsa bota egingo dute".

Bi hilabetean behin egiten dituzte odol emateak Zumaian eta, beraz, hau izango da urteko azken saioa. Aurrez esan bezala, urtarrilekoa izan ezik, urteko beste bost saioak koronabirusa ez hedatzeko neurriekin egin edo egingo dira. Horrek izango ote zuen eragina odola ematera hurreratzen den herritarren kopuruan? "Lehen nahi zuen guztia etortzen zen odola ematera, eta izan genituen ehun emailetik gorako arratsaldeak. Orain, aurrez hartu beharreko hitzorduarekin, gehienez laurogei lagun hartzen ditugu. Behin kopuru hortara heltzen garenean, ez dugu izen gehiago hartzen eta hurrengo saio batean parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu. Oraingoz laurogeiko kopuru hori bete dugu saio guztietan. Zumaiako herria oso ondo jokatzen ari da, eta hala aitortu digute Gipuzkoako elkartetik".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide