Eta bete da aurreikuspena. Elkarrizketan zehar, izan ere, kazetariak ideia bera ibili du buruan aurrera eta atzera. Beno, bat ez, bi. Bat: benetako kazetaria dela Ezenarro; hau da, bizi egiten duela bere ofizioa eta, horregatik, aktualitateko programa batean ari bada lanean, lanetik aterata ere adi jarraitzen diola munduan gertatzen denari, kazetari instintua duela, alegia; eta bi, gustatu egiten zaiola telebista, eta duela 24 urte hasitako ibilbideari jarraitzeko gogotsu dagoela. Ilusioa mantentzeko motiborik ez zaio falta, egia esatera: Udak dakarrena eguneroko programa zuzendu du udan ETB1en, eta Itzulera saioa aurkezten ikusi dugu irailean. “Udak dakarrena oso ondo joan da audientziari dagokionez, eta Itzulera ere datu txukunak ari da izaten”, eta pozik da.
Nork ez du ikusi Ezenarro udako gauren batean Donostiako suak zuzenean aurkezten? Eta festa giroko saioren batean? Askori burura halako irudiak etorri arren, getariarra oso bestelako zereginetan aritzen da negu partean. ETB2ko En jake saioko zuzendariordea da, adibidez. Aktualitatea ardatz duen eguneroko programa zuzenean egiten da, egunero bi orduz. Porru eginda amaituko duela esan dio kazetariak, eta buruarekin baietz eta begiekin irribarre egin du berak. “Baina nik zuzenekoak atsegin ditut gehien. Bai aurkezteko, bai zuzentzeko. En jake saioan, esaterako, goizean goiz egiten genuen eskaleta [gidoi] bat; hasi programa, Xabier Lapitz zuzendaria aurkezle lanetan eta ni kontroletik zuzentzen, eta hantxe, zuzenean, beste eskaleta bat ateratzen zitzaigun, aurrekoarekin zerikusirik ez zeukana. Zuzenean egoteak eta aktualitateari lotuta aritzeak hori dakar, aldatzen joan beharra azken ordukoak sartu ahala. Beti eduki behar duzu zerbait prest, baina azkeneko albistea eskaini behar diozu jendeari. Udan egin dugun programa ere zuzenean izan da, eta sekulako adrenalina da”.
Telebista saio askotan –Bertatik Bertara, Bi Errepidean, Arratsaldero, Ongi Etorri, En jake, su artifizialak...– denetariko lanak egindakoa da bi hamarkada hauetan: erreportari, gidoilari, editore, zuzendari, aurkezle... Hastapenak ere, ETB1eko Aire-aire saioan izan ziren, Jose Mari Iriondo eta Ainhoa Goikoetxearekin. “1998an amaitu nuen Kazetaritzako karrera Leioako fakultatean, eta praktiketan hasi nintzen ETBn. Ordutik han jarraitu dut, gelditu gabe. Urte mordo batean hango langile gisa, eta azken urteetan Prime Time Media ekoiztetxean”, azaldu du. “Niri ikus-entzunezkoa beti gustatu izan zait, eta bereziki telebista. Beti oso ondo joan izan zait alde horretatik, eta oso gustura nago. Gainera, telebistak denetarik egiteko aukera ematen du, aste batetik bestera sor daitezke gauza berriak. Sormen lana etengabekoa izaten da, eta gustuko dut hori”.
Bestalde, eta eskatzen hasita, nahiago du kamera atzeko lana, aurrekoa baino. Eta atzeko lan hori egin omen du gehiago, gainera. “Kamera atzean lan gehiago egoten da. Erredakzioan, eskaletak egiten, gidoiak, programak koordinatzen eta zuzentzen, taldea aurrera ateratzen...”. Kamera aurrean ibili bada, zergatik ez du hain gustuko? “Kamera aurrean lan egiteak, erreportari nahiz aurkezle, nik ez daukadan perfil bat eskatzen du. Tokatu zaidanetan egin dut, baina atzekoa nahiago dut”, aitortu du. Gainera, bi kritiko txiki zorrotz ditu etxean. “9 eta 11 urteko alabak ditut, eta batzuetan esan izan didate: `Aita, ez egin berriro hori telebistan’” [kar-kar-kar]”.
Telebistako lanak eduki dezakeen alde ilunena audientzia datuen menpe egon beharra izan daiteke, “Egunero-egunero azterketa bat pasatzea bezalakoa baita; are gogorragoa, eguneroko programa bada. Emaitzak kaskarrak badira, aldaketaren bat egiten hasi behar duzu, ikusteko emaitzak hobetuz doazen”. Emaitzak onak direnean, berriz, “gozamena da”. Gogoratu du hasieran asko sufritu zutela En jake programan. “Oso-oso baxu dagoen ordutegi bat hartzen duzunean, adibidez orain urte batzuk goizetakoa ETBn, altxa egin behar duzu, eta kosta egiten da, denbora behar du. Jendeari ohitura sortu behar diozu, konturatu behar du badagoela zerbait erakargarria ordu horietan zure kateetan, eta hori landu egin behar da”. Bera “zorteko” sentitzen da, bera ibili den programei denbora eman zaielako beti eta datuak hobetu ahal izan dituztelako. “Beste saio batzuk azkar kentzen dituzte, eta ezin da jakin denbora edukiz gero funtzionatuko zuketen ala ez”.
24 urteko ibilbidean, uretara eroria da piraguatik, zuzeneko elkarrizketa baten erdian euri-zaparrada hasi eta blai amaitutakoa ere bai, gonbidatua nahiz bera, zuzenekoetan gidoiak saltatu eta testuak asmatutakoa halabeharrek aginduta... Gogoan du behin Xabier Arzalluz zena –Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari izandakoa– presaka elkarrizketatu zuela biltzar baten amaieran, eta bukatu orduko konturatu zela ez zutela ezer grabatu. “Atzetik korrika joan, eta dena errepikatzeko eskatu behar izan nion. Pazientzia handiarekin, berriz egin zuen guztia”, kontatu du. Euri asko egin du ordutik: telebista egiteko modua ere goitik behera aldatu da. “Teknologikoki izugarrizko aldaketa egon da, eta zuzenekoek, adibidez, asko irabazi dute, informazioa, artxiboak... berehala bidal ditzakegulako”.
Zerk betetzen du gehien Ezenarro telebistako lanean? “Niretzat inportanteena da jende asko ezagutu ahal izan dudala, izan ospetsu nahiz lankide, eta Euskal Herri osoa zeharkatu ahal izan dudala. Neure begiz ikusi dut gehiago edo gutxiago, toki guztietan presente dagoela euskara”.
- Adina: 46 urte.
- Ikasketak: Kazetaritza.
- Lanbidea: Kazetaria.
- Kazetaria ez banintz... Soinujolea. Musika beti izan dut gustuko. Akordeoia jotzen dut 11 urte nituenetik.
- Lanetik ateratzean gogoko dut... Emaztearekin garagardo bat hartu.