Osakidetzak kaleratu ditu dagoeneko atzoko PCR proben eta test antigenoen emaitzak. Positiboek behera egin dute Zumaian, izan ere, bi kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Herenegun beste bi kasu atzeman zituzten; asteartean, zortzi. Azken zazpi egunetan (azaroaren 6tik 12ra) 29 positibo zenbatu dituzte guztira herrian. Aurreko astean (urriaren 30etik azaroaren 5era), berriz, 61 kasu detektatu zituzten.
Urriaren erdialdetik etengabe hazi da positibotasun tasa, eta urriaren amaieran kokatu zen 2000tik oso hurbil. Dena den, zenbatekoak behera egin du ordutik, eta une honetan, 1000tik gertu dago. Grafikan ere ikus daiteke beheranzko joera duela Zumaiak.
Orion, aldiz, abuztuaren hasieran intzidentzia tasa hutsetik hurbil mantendu bazen ere, zenbatekoak joera gorakorra hartu zuen abuztuaren erdialdetik iraila hasi arte. Irailaren erdialdean gainditu zuen 500eko langa, eta hala mantendu zen urria hasi arte. Handik aurrera tasak behera egin bazuen ere, urriaren amaiera aldera ekin zion berriro gora egiteari, 1000ko tasara heltzeraino: abuztutik izan den tasa altuena zenbatu zuten Orion azaroaren 10ean: 1062,77.
Zarautzen lau kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo. Herenegun bederatzi kasu atzeman zituzten; asteartean hamaika, eta astelehenean, hogeita bat. Azken zazpi egunetan (azaroaren 6tik azaroaren 12ra), orotara, 94 pertsonak eman dute positibo Zarautzen. Aurreko astearekin alderatuta, behera egin du positiboen kopuruak: aurreko zazpi egunetan (urriaren 30etik azaroaren 5era) 105 kasu zenbatu zituzten, azken zazpi egunetan baino hamaika gehiago.
Azken hamalau egunetako datuak kontuan hartuta, 854,04koa da 100 biztanleko positibotasun tasa Zarautzen. Hurrengo grafikoan jasota dago, abuztuaren 1etik atzora arte, 100.000 biztanleko intzidentzia tasak izan duen bilakaera Zarautzen, Zumaian eta Orion. Hiru erpin ikus daitezke grafikoan, nabarmen: abuztuaren amaiera aldera bat, iraileko azkeneko bi asteetan beste bat, eta azaroaren hasieran beste bat. Urriko hirugarren astetik aurrera etengabe egin du gora intzidentzia tasak, eta azaroko aurreneko astetik aurrera heldu da abuztutik hona erregistratutako puntu gorenera.
Datuak, lurraldeka
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 17.061 PCR proba eta test antigeno egin zituen atzo —herenegun 16.338 izan ziren—, eta 1.052 izan ziren probetan positibo eman zuten herritarrak; hau da, positiboen ehunekoa herenegun baino txikiagoa izan zen atzo, %8,3koa, hain justu –%8,6koa izan zen herenegun–. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien (653); ondoren, Gipuzkoan (619); eta azkenik, Araban (137). Gipuzkoak du intzidentzia tasarik altuena: 1113,36koa, hain zuzen ere.
Bestalde, ospitaleratutako erien datuak kezkagarria izaten jarraitzen du; 500 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan, eta atzo 60 pertsona ospitaleratu zituzten. ZIUn, berriz, 134 pertsona daude hiru lurraldeetan.
Nafarroan, kutsatzeek pixka bat behera egin dute azken orduetan: atzo, 3.520 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 216 positibo atzeman ziren, bezperan baino hemezortzi gutxiago.