Atzo bezperan baino ia 300 kasu positibo gutxiago atzeman zituzten Hego Euskal Herrian egindako PCR eta antigeno probetan. 116 kasu agertu ziren Araban–herenegun 139–, 453 Bizkaian–572 herenegun– 431 Gipuzkoan –herenegun 527–, eta Nafarroan, azkenik, 144 –herenegun 208–. Nafarroako datuak behin-behinekoak dira. Beste erkidego batzuetako bederatzi kasu ere atzeman dira. Egindako PCR eta antigeno probak ere askoz gutxiago izan dira: 13.077 atzo, eta 18.112 herenegun. Dena den, positibotasun tasan beherakada nabarmena egon da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %8,3tik %7,7ra jaitsi baita egun bakarrean. Astearen erdian %8,6ko tasa ere egon zen hiru lurralde horietan.
Bestalde, atzo 50 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19 gaitzagatik Osakidetzako zentroetan, eta 146 lagunek jarraitzen dute ZIU Zaintza Intentsiboen Unitatean ingresatuta; bezperako kopuru bera da hori. Nafarroan, berriz, atzo hiru pertsona hil zirela jakinarazi dute.
Bihar, astelehena, jakinaraziko dituzte asteburuko datuak herriz herri.
Larunbatean ere behera
Atzo ere positibo gutxiagoren berri eman zuten ostiralean egindako PCR eta antigeno proben emaitzei dagokienez, guztira 1.451 positibo zenbatu baitzituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta Araban izan ezik, behera egin baitzuten kopuruek lurralde guztietan: 139 positibo atzeman zituzten Araban –137 izan ziren aurreko egunean–, 572 Bizkaian –653 aurreko egunean–, 527 Gipuzkoan –619 aurreko egunean– eta 208 Nafarroan –216 aurreko egunean–. Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren beste bost lagunek ere eman zuten positibo.
Positiboen kopuruak txikitu egin ziren, baina baita horiek detektatzeko egindako PCR eta antigeno proben kopurua ere. Ostiralean guztira 18.112 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, ostegunean baino ia 2.500 gutxiago –20.581 proba egin zituzten orduan lau lurraldeetan–. Horrela, positiboen ehunekoa ia berdin mantendu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –egindako proben %8,3 izan ziren positiboak ostegunean, eta %8,2 ostiralean–, eta igo egin da Nafarroan, %7,2raino.
Ospitaleratzeei dagokienez, 87 lagun ospitaleratu zituzten ostiralean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren ondorioz, eta guztira 146 pertsona zeuden Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU) ingresatuta hiru lurraldeotan. Nafarroan, lagun bat hil zen COVID-19ak jota, eta 20 lagun ospitaleratu zituzten gaitz horri lotuta, horietako bat ZIUn.