Orain dela hamar egun inguru jarri zuen Zumaiako Udalak bigarrenez ostalaritza eta merkataritza suspertzeko bonu bidezko programa, eta gaur amaituko da bertan izena emateko epea. Eskaera orria bete beharko dute establezimentuek, eta, ondoren, Turismo Bulegoan aurkeztu edo turismoa@zumaia.eus helbidera bidali. Guztira, udalak 34.000 euro bideratu ditu, eta egitasmoari esker, establezimenduek bezeroei 15 euroko erosketa edo kontsumoagatik 5 euroko deskontua egiteko aukera izango dute.
Zumaiako Udalak aitortu duenez, "herriko komertzio eta ostalaritzan inpaktu positiboa eragitea, eta erosketak herrian bertan egiteko ohitura sustatu eta erraztea" dira egitasmoaren helburu nagusiak. Horrez gain, herritarrei "komertzio txikiaren aldeko apustua" egitea eskatu diete, "orain inoiz baino gehiago".