Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman du jada azken orduetan atzemandako koronabirus kasuen berri. Azken bi asteotan behera egin du kasu kopuruak Zumaian; atzo, gainera, ez zuten kasu bakar bat ere zenbatu. Azkenekoz, urriaren 12an geratu zen hutsean Zumaiako kontagailua. Halere, semaforo gorriak piztuta jarraitzen du oraindik, 600,51koa baita azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa.
Atzo, azaroak 16, COVID-19a atzemateko 10.631 proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emaitzen berri eman du jada, eta Urola Kostan behera egin dute kasuek. Duela zazpi eguneko (azaroak 9) probetan, eskualdeko 84 pertsonak eman zuten positibo. Atzokoetan, ordea, 29 izan ziren emaitza positiboak.
Igandeko probetatik eskuratutako datuekin alderatuta, Urola Kostako lau herritan hazi da kasu berrien kopurua: Azpeitian, Azkoitian, Orion eta Errezilen. Atzo, hain zuzen, hamaika kasu detektatu zituzten Azpeitian (igandean baino hiru gehiago), zazpi Azkoitian (igandean baino bi gehiago), zazpi Orion (igandean baino hiru gehiago) eta bat Errezilen (kasurik ez zen izan igandean). 14 eguneko kasu metatuen kopurua kontuan hartuz gero, gorriz margotuta jarraitzen dute aurreneko hirurek; alegia, Azpeitiak (1215,54ko intzidentzia tasa), Azkoitiak (1142,71) eta Oriok (1319,91). Zarautzen ere, nahiz eta tasa apalagoarekin, semaforo gorriak piztuta jarraitzen du (712,42).
Zarautzen jaitsi egin da atzemandako kasuen zenbatekoa. Azken zazpi egunetako kopuru baxuena erregistratu dute, hiru kasu. Bestalde, atzoko probetan ez zen emaitza positiborik izan Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian ez eta Zestoan ere.
941 positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Atzoko 10.631 probetan (igandean baino 322 PCR eta antigeno gehiago egin ziren) 941 positibo atzeman zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egun bat lehenago, igandean, 801 izan ziren. Positibotasun tasa %8,9koa da une honetan, eta %7,8koa zen atzo.