Positiborik ez Zumaian bigarren egunez jarraian

Andoni Elduaien 2020ko aza. 25a, 13:47

29 kasu berri baieztatu ditu Osasun Sailak eskualdean. Kasu gehien zenbatu dituzten herrien artean daude Zarautz, Azpeitia eta Azkoitia. Zumaian ez da kasurik zenbatu bigarren egunez jarraian. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman dituen datuen arabera, 29 kasu positibo zenbatu zituzten atzo Urola Kosta eskualdean; herenegun hautemandako kasuak baino gehiago –22 izan ziren atzo– zenbatu zituzten atzo, beraz. Azkoitiaz gain, kasu gehien zenbatu dituzten herriak dira Zarautz eta Azpeitia. Zarautzen hamar kasu berri hauteman dituzte, zortzi Azpeitian, sei Azkoitian, bi Zestoan eta bana Aian, Getarian eta Orion. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk detektatu

Zarautzen beste hamar kasu zenbatu zituzten atzo, eta laranja koloreko semaforoan jarraitzen du, 424,87ko intzidentzia tasa baitu. Gutxi bada ere, Zarauzko intzidentzia tasak behera egin du atzotik gaurrera. Azpeitian, berriz, zortzi kasu detektatu dituzte, eta hango intzidentzia tasa 743,94koa da; behera egin du tasak han ere. Azkoitian, berriz, 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasa 850,78koa da orain, atzo emandako datua baino baxuagoa; 884,14koa zen datua atzo. 

Zestoan, bi kasu zenbatu zituzten atzo, eta 707,41eko intzidentzia tasa du. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez ditu herriok semaforo gorriarekin argitzen; Jaurlaritzak 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan egiten du soilik sailkapena semaforoaren kolorearekin. Aian, Getarian eta Orion ere kasu bana baieztatu dute. Aian 750,75ekoa da intzidentzia tasa, Getarian 913,56koa, eta eskualde osoko handiena dute Orion: 973,44koa; han bai, semaforo gorria piztuta du Eusko Jaurlaritzak. Herri handienen artean, Zumaian intzidentzia tasak nabarmen jarraitzen du behera egiten. 300,34koa zen tasa atzo, eta 223,92koa da gaur.

797 kasu gehiago
Hego Euskal Herrian beste 797 kasu berri baieztatu dituzte. Positibotasun tasa %5,6ra jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 3,5era Nafarroan. Azken orduetan, hurrenez hurren, 693 eta 104 positibo atzeman dituzte.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.311 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo. 9.149 PCR egin zituzten eta 3.162 antigeno test. Guztira, 693 kasu positibo atzeman zituzten. 101 kasu baieztatu zituzten Araban, 305 Bizkaian, 275 Gipuzkoan eta hamabi hiru lurralde horietatik kanpoko pertsonetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, atzo positibo eman izanaren arrazoia kontaktu zuzena izatea zen kasuen erdietan.

Osasun Sailak jakinarazi duenez, “COVID-19aren ondorioz” 53 pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Horrez gain, Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) 142 pertsona daude. Gainera, “COVID-19agatik” 97 hildako zenbatu dituzte azaroaren 16tik 22ra bitartean. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 0,79koa da gaur-gaurkoz.

Koronabirusa kontrolpean edukitzeko, positibotasun tasa %5ean egotea gomendatu zuen Munduko Osasun Erakundeak. Nafarroak maila horretatik behera kokatzea lortu du atzoko datuekin: %3,5ean, hain zuzen. 2.940 proba eginda, 104 kasu atzeman zituen Osasunbideak atzo Nafarroan; abuztutik hona izan duten bigarren kopuru txikiena da gaur Nafarroako Gobernuak eman duena.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide