Haurrei zer jostailu oparitu Gabonetan? Zer jostailu da egokiagoa umeentzat? Halako galderak erantzuteko asmoarekin hurreratzen ziren guraso asko Ludotekara abenduko lehen egunetan. Jostailu erakusketa antolatzen zuten Ludotekako hezitzaileek, eta haurrak jolasean zeuden bitartean gurasoek oparitzeko pista batzuk jasotzen zituzten.
Pandemiak eragindako osasun krisialdiagatik aurten ez da izango aurrez aurreko jostailu erakusketarik, egoerak ez duelako halakorik ahalbidetzen. Horren ordez, "modu birtualean" egingo da aurten. Hala, hezitzaileek 6 urtetik gora haurrentzako egokiak diren jostailuen aukeraketa egin dute, eta Interneten zintzilikatutako katalogo batera eraman dituzten.
"Haurrek Ludotekan dauden bestelako jostailu eta jolasen inguruko esperientzia badute azaldu dute Ludotekako hezitzaileek. Jostailuak etxera eraman ahal izango dituzte, era horretara familian jolasteko aukera eskainiz. Jolas berriak probatu eta ezagutzeko aukera izango dute haurrek zein gurasoek.
Gurasoak zalantza eta kontsultak egitera gonbidatu dituzte hezitzaileek. Horretarako, Ludotekako telefonoa edo e-posta erabili dezakete (943-143 264 / ludoteka@zumaia.eus).
Katalogoa online ikus daiteke hemen, eta pdfan jaisteko aukera ere izango da, hemen.
Jostailuak non eta nola eskatu
Jostailu edo jolasetako bat maileguan eraman ahal izateko, fitxa bat bete beharko da datu pertsonalekin eta, gehienez ere, astebetez eduki ahal izango dute etxean. Ludotekako bazkideek ez dute fitxa bete beharko.
Jostailu guztiak azaroaren 30etik aurrera egongo dira eskuragarri, eta astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:00etara bitartean jaso ahal izango dira, Ludotekan bertan.
Erreserba garaiz egitea eskatu dute, antolaketa errazteaz gain, materiala prest izatea ahalbidetuko baitu. Halaber, hezitzaileek nabarmendu dute beharrezko neurriak hartuko dituztela jostailuak jaso eta beste inori utzi aurretik.